LAB sindikatuak antolatu duen Nafarroako Alternatiba Sindikala martxan kanpaina Baztan-Bidasoara ere ailegatu da. Eskualdetik ere pasatzen ari da0 furgoneta eta ekimen ezberdinak antolatu ditu LABek azaroaren 5, 6 eta 7an.
Azaroaren 5an, ortzegunean, goizean kotxe karabana batek Malerrekari itzulia egin dio. Horren ondoren Doneztebeko Herriko Etxeko arkupean, gure eskualdeko egoeraren errepaso bat egin eta bidenabar egoera honetan LABen alternatibaren garrantzia azpimarratzeko. Arratsaldean erakusketa paratuko da Donezteben.
Ortziral goizean kotxe karabana eginen da Bortzirietatik, ondotik erakusketa paratuko da Beran arratsaldera arte. Ondotik erakusketa Lesakako plazara eramanen da eta han kontzentrazio bat eginen da arratsaldeko 20:00etan. Bukatzeko larunbat goiz eta eguerdian bukaera ekitaldia eta bazkaria eginen da Amaiurren.
LAB sindikatuak argitara emandako idatziaren arabera, “Nafarroako klase politikoa ikusi dugu, patronalaren ordezkariekin batera, Nafarroako Parlamentura egindako lehenengo hauteskundeen 30. urteurrena ospatzen. Badute horretarako arrazoiak! Izan ere, duela 30 urte egindako operazioaren bidez, frankistek beren boterea bermatu egin zuten. Nafarroa gainontzeko euskal herrialdeetatik isolatu zuten, eskuinaren eta Madrilen gatibu bihurtuz. Nafar langileen aldarrikapenei muzin egin eta patronalari mesede egiten dien joko arauak inposatu zituzten. Eta gainera, hori guztia langileon mesederako zela sinestarazi nahi izan zuten, “Navarra foral y española” horretan ongi biziko ginela esanez”.
LABen iritziz, krisi ekonomikoak argi utzi du mito horren faltsukeria. Sanz jaunak 400 euroko afariak egiten dituen bitartean, langabetuei 420 euro eskaintzen dizkio Zapaterok… hilabete osorako! Nafar langileok aldaketa behar dugu, Patronalaren, UPNren, Opus Deiren menpe ez egoteko”. Eta aldaketa hori bultzatzeko bokazioa duela dio LAB sindikatuak.