Euskararen normalizazioa bizkortzeko helburuarekin abiatu dute Malerrekan ere “Euskaraz Bai” dinamika

TTIPI TTAPA 2009ko azaroaren 5a

Joseba Indabere eta Xabier Mendiguren, hitzarmena sinatu ondotik. Aitor AROTZENA

Malerrekako Mankomunitateko Joseba Indaberek eta Kontseiluko Xabier Mendigurenek sinatu dute ortzegun eguerdian Donezteben

Kontseiluko idazkari nagusi Xabier Mendigurenek eta Malerrekako Mankomunitatearen euskara zerbitzuko zinegotzi Joseba Indaberek sinatutako hitzarmenarekin, “Euskaraz bai” dinamika abiatu dute Malerrekan.
Donezteben ortzegun eguerdian egindako agerraldian azaldu dutenez, Malerrekako Mankomunitatearen euskara batzordearen bidez iritsi da Kontseilura eskualdean prozesu hau abian jartzeko proposamena. Bide hori euskalgintzaren lankidetzan eginen dela azaldu dute.
Euskararen normalizazioa bizkortzeko herritarren atxikimendua, entitateek urrats eraginkorrak ematea eta instituzioen eta euskalgintzako erakundeen arteko elkarlana, Mendigurenek adierazi duenez, “hori dela eta, gaur konpromiso hori lotzen duen hitzarmena sinatuko dugu hemen” gaineratu du.
Malerrekan “Euskaraz bai” dinamika abiatuta, Nafarroa Garaiko mendialde osora hedatu da dinamika, izan ere, Leitzaldean, Bortzirietan eta baztanen jada abiatua zegoen aipatu ekimena. “Malerrekarekin puzzlea osatzen dugula esan dezakegu” azaldu du Kontseiluko idazkari nagusiak.
Malerrekako Mankomunitateari eskerrak eman dizkio Xabier Mendigurenek “euskararen normalizazioa lortzeko aurrerapauso hau Kontseiluarekin emateagatik eta bestetik, euskalgintzari euskararen aldeko eragin lana egiteagatik”. Bestetik, Kontseiluak bide honetan beharrezkoa den laguntza eskainiko duela azaldu du.

 

Euskararen erabilera bultzatzeko tresna egokia

Malerrekako Mankomunitateko Joseba Indaberek, bere aldetik, “Euskaraz bai” dinamika martxan jartzearen arrazoia azaldu du “Malerrekako Mankomunitateko Euskara Batzordetik euskararen alde zerbait gehiago egin zitekeela ohartu ginen eta nahi eta gogo horrek eraman gaitu Euskaraz bai dinamika abian jartzera. Bagenekien gure inguruko eskualdetan martxan zela proiektua eta emaitza onak eman dituela. Euskararen erabilera bultzatzeko tresna egokia da hortaz, dinamika hau. Tresna erraten dugunean horixe da dinamika hau, ibilbide honetan lanabesa bertzerik ez, lana guk egin behar dugulako, denon artean: herritarrek, Herriko Etxeek, erakundeek, saltokiek…”, azaldu du Indaberek.
Dinamikaren izaerari ere erreferentzia egin dio Indaberek “azpimarratu nahi genuke, hau ez dela kanpaina bat, epe luzeko proiektua baizik. Eta zentzu horretan etorkizunean ere jarraipena izatea nahi genuke”. Eta gonbita luzatu die herritarrei ere, “guztion laguntza eta borondatea gustura hartuko ditugu, Euskara Batzordeko ateak irekiak daude edozeinentzat”.

 

Hainbat ekimen

Aitzinera begira prestatu dituzten hainbat ekimenen berri ere eman du Joseba Indaberek. Batetik, “Euskaraz bai” kartelak Malerrekako Herriko Etxe guztietan zintzilikatu eta laster karriketan ere jarriko dira. Heldu den asteko ferietan ere sumatuko da “Euskaraz bai”ren presentzia. Bertzetik , inguruko pilota eskolakoekin ere pilota torneo bat prestatzen ari dira, baita Legasan eginen den Gazte Topaketetan ere hainbat joko edo tailer izanen dira, beti ere euskararen inguruan. Iturengo Kultur Egunetarako ere antolatzaileekin jarri dira harremanetan eta Eguberriak baino lehen “Euskaraz bai” eguna ospatuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun