Irailean zertxobait beheiti egin bazuen ere, urrian berriz ere goiti egin du Doneztebeko Enplegu Bulegoan izen emandakoen langabetuen kopuruak eta udako kopurua gainditu du. Zehazki %4,26 igo da langabezia eskualdean, 915 lagunetik 954ra pasatuz.
Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez 313 kontratu gauzatu ziren urrian, eta horietatik 46 bertzerik ez ziren mugagabeak izan.
Adina eta sexuari dagokionez, modu ezberdinetan somatu da langabeziaren igoera, baina adin-tarte guzietan igo egin da. Honela, 25 urtez goitiko gizasemeetan 413tik 421era igo da, adin horretako emakumeen artean, berriz, 388tik 400era. 25 urtez beheitiko gizasemetan 70etik 85era igo da langabetu kopurua eta emakumeetan, 43tik 48ra.
Industrian langabetu guttixeago
Lan arloei dagokienez, zerbitzuen arloak dauka, diferentziarekin, langabetu gehien, eta urrian goiti egin du. Irail hondarrean 486 langabetu zeuden arlo horretan eta urrian 507, 21 gehiago. Industrian, aldiz, bortz lagun guttiago daude langabezian, 246. Eraikuntzan, 14 lagun gehiago daude langabezian, 135; nekazaritzan bortz lagunetan goiti egin du langabeziak, eta 21 dira arlo honetan izen emandakoak. Aitzinetik lanik topatu ez dutenen artean 4 lagunetan goiti egin du langabetu kopuruak eta 45 ziren urri hondarrean.