Mahainguruko kantuen diska aurkeztu zuten larunbatean Elizondoko Lur dantzalekuan

TTIPI TTAPA 2009ko azaroaren 3a

Mahainguruko kantuak diska aurkeztu zuen taldea, larunbatean Lur dantzalekuan. TTIPI TTAPA

Kantu Zaharren Eguna azaroaren 28an eginen da Dantxarinean

Mahainguruko kantuak diskaren aurkezpena egin zuten larunbat goizaldean Elizondoko Lur diskotekan. Jalisko Band taldeko Aitor Ibarra, Joxerra Mitxelena eta Oskar Mindegia tronpetarekin, baxuarekin eta bateriarekin eta Joxe Angel Elizalde akordeolariaren musika lagun dutela, Amaiurko Juan Mari eta Itziar Aleman anai-arrebak, Erratzuko Antonio Inda, Eratsungo Angel eta Patxi Mariezkurrena anaiak eta Luis Mari Retegi, Urrozko Lorea Babaze, Sunbillako Alfredo Arretxea eta Aitziber Etxeberria eta Doneztebeko Alberto Zunzarren abeslariak dira diska honetan parte hartu dutenak, kantu zaharrak eskainiz. Lur dantzalekuko oholtza gainean ere izan ziren guziak. Diska, eskualdeko leku ezberdinetan salgai dago.

Kantu Zaharren Eguna azaroaren 28an Lugaranan
Diska honetan ahotsa jarri duen Angel Mariezkurrena da azkeneko sei urtetan hutsik egin gabe antolatu den Kantu Zaharren Eguneko bultzatzaile nagusia. Berak aipatu digunez, aurten azaroaren 28an eginen da Urdazubiko Lugarana jatetxean. Dagoeneko txartelak salgai daude 50 euroan Sunbillako Itturburun, Elizondoko Antxitonean eta Dantxarineako Benta Peioren arraindegian. Prezio horretan, urtero argitaratzen den eta 40 kantu berri izanen dituen liburuaz gain, egun osoko ospakizuna sartua dago: 14:00etako bazkaria, bazkalondoko kantu giroa, arratseko 20:30eko berendu-afaria eta ondoko kantuak ere. Urtero bezala, kantari eta pertsonai ezagunak gonbidatuak daude kantu zaharren bazkarira eta aurten, Martikoren produktuekin osatutako bortz zare ere zozketatuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun