«Ez gara egun batetik bertzera oinez hasiko, baina itxaropena hor dago»

Gurutze PIKABEA 2009ko azaroaren 3a

TTIPI TTAPA

Gurpil-aulkian dagoen Doneztebeko gaztea

2007ko abenduaren 22an kotxearekin istripua izan eta bizkarrezur muinean min hartu zuen Haizea Erkizia 24 urteko doneztebarrak. Geroztik gurpil-aulkian dago. Gerritik beheitiko sentikortasun eta mugikortasun guztia galdu zuen. Baina ekainean Lisboan (Portugal) Antonio Reis medikuak ebakuntza berezia egin zionetik itxaropentsu dago. Reisek bizkarrezurra ireki eta goitik beheiti garbitzen du bizkarrezur muinaren hodia, informazioa pasatzen uzteko, eta gero errehabilitazioaren bidez hobetzen uzten du.

Kotxe istripuaren ondo­rioz gurpil-aulkian gelditu zinen...
Bizkarrezur muineko traumatismo larri bat izan nuen eta gerritik beheiti sentikortasunik eta mugikortasunik gabe gelditu nintzen.


Zer erran zizuten medikuek orduan?
Iruñera joan eta biz­ka­­rre­zurra zuzen para­tze­ko ebakuntza bat egin zidaten, golpearekin okertua nuelako. Hemen zuzen paratu baka­rrik egiten dute eta biz­ka­rrezur muinean min hartutakoak Tole­do edo Bartzelonako zentru espezializatuetara bideratzen dituzte. Ni Bar­tze­­lonako Guttman Ins­ti­tutuan egon nintzen. Betiko horrela geldituko nin­t­zela erran zidaten eta gurpil-aulkian bizitzen erakutsi zidaten: bakarrik kotxera sar­tzen, janzten... Sei hilabeteren buruan, Donez­tebera bueltatu nin­tzen, aulkian, eta bizi berri hau aitzinera era­ma­ten hasi nintzen. Etxe­an aparatu batzuekin egunero jartzen nin­tzen zutik, zirkulazioarendako ona zelako, baina bertze tratamendurik hartu gabe. Salaman­kara ere joan nintzen eta ikasketekin segitu nuen.


Eta nola izan zenuen Reis medikuaren berri?
Aitak egunkari batean artikulu bat irakurri zuen, baina ez genion ga­rran­tzirik eman. Handik denbora batera, ahizpak irratian Lisboan opera­tu­tako biren testigan­tzak aditu zituen, eta niretzako balio zezakeela pentsatu zuen. Familiako baten bidez, Reisek operatu zuen euskal herritar batekin ha­rre­manetan jarri nintzen. Bere historia eta bertze batena kontatu zizkidan, eta Internetez eurekin egoten hasi nintzen. Hurrengo pausoa Reisen fisioterapeuta den Graça Mende­sekin egotea izan zen. Nire erresonantzia-magnetikoa erakutsi nion, ez baitituz­te kasu guztiak opera­tzen. Medikuarekin egon nintzen gero eta honek ebakuntza egiten ahal zi­dala erran zidan. Ez nuen dudarik izan, eta ez naiz damu­tzen.

Badu arriskurik?

Anestesia dela-eta ber­tze edozein ebakuntzak izan dezakeena. Lesiotik beheiti lan egiten dute, eta nire kasuan, ez nuen deus gal­tzekorik, gerritik beheiti ez nuelako deus senti­tzen ez mugitzen ere.

Eta errehabilitazioa?
Hiru edo sei hilabetean behin Lisboara joan behar dut. Internetez zein ariketa egin behar ditudan erraten dit eta etxean egiten ditut. Egunero muletekin zutik jartzen naiz, lagun­tza­rekin, eta astean hirutan lurrean ari­ke­tak egiten ditut. Hobetuz gero, fisioterapeutak arike­tak aldatzen dizkit. Argi dago emaitza onak dituela euren lanak.

Reisek kontrakoak ere baditu...
Bai, kritika haundiak jasotzen ditu, baina lan haundia egiten ari da eta ezagutu ditudan kasu guztiek emaitza onak izan dituzte. Zientifikoek onartutako lana da berea. Pena da hemen horrelako tratamendurik ez izatea, eta Lisboaraino joan eta dena gure kontutik ordaindu behar izatea.

Hobekuntzak somatzeko urte batzuk beharko dira, ez?
Bai, errekuperazioa man­tsoa da, eta per­tsonaren araberakoa. Hau ez da Lurdes, ez dago miraririk, eta ez gara egun batetik ber­tze­ra oinez hasiko, baina itxaropena beti hor dago. Hemen ez du­te irtenbiderik ematen eta Reisen ebakun­tzak, aldiz, atea erdi irekia uzten du eta poliki bada ere, hobe­tzen ari gara.

Zer erranen zenieke aulkian daudenei?
Emaitza onak ikusita kontuan hartzeko ebakun­tza iruditzen zaidala. Baina norberak hartu behar du erabakia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun