Gogoratzen dut 2008ko ekainaren 5ean, Larreko izeneko saria eman zidatenean, Xabier Azantza (bide batez, animatzen dut bere euskal abizena, inolako konplexurik gabe zuzendu eta erabil dezala egungo idazkera akademikoaren arabera; ez du deus ere galduko) ere bertan izan zela, eta hitz egitea egokitu zitzaionean, gutxi gorabehera honako hauxe esan zuela nitaz: «Xanti bezalako pertsonak behar ditugu Nafarroan, ausartak, euskara erabiltzeaz gain, gure hizkuntza benetan bultzatu eta aurrera eramaten dutenak».
Xabier Azantzari esan behar diot zeharo ados nagoela bere azalpen horrekin, baina, aldi berean, gaur, 09-10-09an prentsan irakurri dudanean, «diru iturria itxi diete hedabide euskaldunei Nafarroan», «Euskarabidea 240.000 euro ematekoa zen arren, deialdia garaiz egin ez eta Gobernuak blokeatu egin ditu dirulaguntzak», «dirulaguntzarik gabe, euskarazko hedabideen etorkizuna kolokan dago», eta abar, Azantza jaunari adierazi eta eskatu behar diot izan dadin minimoki koherentea bere adierazpenekin eta, beraz, izan dadila ausarta, har dezala kuraia, lan egin dezala behar den bezala –horretarako dago-eta postu horretan-, eta bete dezala, esate baterako, aurtengo uztailaren 23an emandako hitza, alegia, 240.000 euroko dirulaguntza Euskarabidearen eskuetan zegoela eta egoera birbideratuko zutela.
Xabier Azantzak horrelakorik ez eginez gero, hobeki luke dimititu eta burua ongi altxatuta duela, Euskarabidea institututik ateratzea, euskaldun zintzo eta leialak bezalaxe, bere ohore guztiarekin.
Xanti BEGIRISTAIN