ATLETISMO ESKOLA
«Manttalek sortu duen atletismo eskola ttiki-ttikitatik lasterka hasi nahi duenarentzat laguntza bat da, ongi dago. Patxi Irazoki, Cristina Arbues eta gainerako monitoreek badakite eta ongi
erakusten dute eta hori lagungarria da kirola haurren artean zabaltzeko»
Sei probetako erregulartasuna saritzen zuen Nafarroako Mendi Lasterketa Kopak eta Iñigo lehen nafarra izan zen Berako Mendi Maratoi Erdian (Fernando Etxegarai beratarra Euskadiko Federazioan sartua baitago), Lakuntza-Aralar, Isabako Camille Extreme eta Olatzagutia-Urbasa probetan, eta laugarrena Beriaingo San Donatoko Kilometro Bertikalean. Kopako azken proban, Urbasako Igoeran eta Jautsieran, lehen nafarra ez ezik, proba irabaztea ere lortu zuen. Lasagak 869 puntu eskuratu ditu, eta bigarren izan den Jose Luis Berazak 699. Proba guzien artean gogorrena Camille Extreme iruditu zaio Lasagari: «Ekain hondarrean, bero egiten zuen, goizean sargori zegoen eta gainera distantzia eta desnibel aldetik gogorra zen. Nire lehen parte-hartzea zen eta bigarren bukatu nuen, kontent, beraz».
Geroztik Zumarraga-Urretxu mendi lasterketa irabazi zuen, 22 kilometroko luzera eta 3.000 metroko desnibelarekin, denboraldia borobilduz. Eskualdean izen handia duen Sarako Kontrabandisten Lasterketa ere irabaztea lortu zuen lehen aldiz. Aizkorriko Maratoian ere parte hartu du aurten, Azpeitiko Mendi Maratoi Erdian eta Hechon proba irabazi zuen. Gainera, nesketan, Lorea Agirre bere neskalagunak irabazi zuen. Horrek aunitz laguntzen duela dio Iñigok, «entrenatzeko orduan elkarrekin egiten ahal duzu, mendia gustatzen zaio eta ibilbideak ikusten ditugu aitzinetik eta hori aldeko puntua da».
Zegama - Aizkorri Mendi Maratoian 18. izan zen. Denboraldi hasieran bigarren eta hirugarren postuak eskuratu zituen, baina garaipenak ere ailegatu dira, lanaren eta entrenamenduaren poderioz. «Duela bi urte hasi nintzen eta hasiera guziak zailak izaten dira. Gero ongi entrenatuz gero, urtetik urtera beti pausu bat gehiago ematen da, zure gorputzean konfidantza hartzen duzu…». Bere ustez, garrantzitsuena, kirolari batek izan ditzakeen ezaugarriak baino gehiago, «ez uztea da, eguneroko lanean segitzea, momentu txarrak pasatzen dira, neguan entrenatzera atera behar da. Gorputzari gogor egin behar zaio zerbait egin nahi baduzu. Baina ez gara hortaz bizi eta batzuetan eskapatzen saiatzen gara».
Kasik egunero entrenatzera
Saveran lan egiten du eta, halere, astean 5-6 egun hartzen ditu entrenatzeko. Futbolean eta koxkor biltzen aritua, mendi lasterketetarako hagitz prestakuntza ezberdina egin behar izaten du. «Lasterka hasi nintzen lehen urtean futbolarekin uztartzen saiatu nintzen, baina ezinezkoa da, edo bat edo bertzea. Koxkor biltzen bi urtez aritu nintzen eta orain anaia gazteak erreleboa hartu du».
Manttale taldean sartua dago, 24 bat kirolari biltzen dituena eta «noizbehinka elkartzen gara denak, asteburuetan eta». Bortzirietan kasik ezezaguna zen kirola hedatzen ari dira. Horren erakusgarri, Iñaki Larrañaga beratarra bederatzigarren izan da Nafarroako Kopako sailkapen orokorrean eta Josu Unsion bigarren beteranoetan. «Berako Mendi Maratoi Erdiaren arrimoan jendeak ikusi du zer den eta hasi da animatzen. Lehenago Behobia-Donostia izaten zen eta gutti gehiago».