10 000 lagunek bat egin dute Baionako deialdiarekin
Franck DOLOSOR
Helbarrun auzoa eta Larrun mendia zeharka lezaken treinbide lasterraren kontra Baionan iragan berri den manifestaldia biziki jendetsua eta anitza izan da. 10 000 lagun pasatxo elgartu ziren, erran nahi baita hunkituak diren 29 herrien herritarren %10. Ideia, kolore, adin, herri eta lan zinez desberdineko manifestariek ziren. Herritar batzuek zioten treinbide berririk ez dutela nahi «ez hemen eta ez nihun», eta denbora berean, manifestaldiaren aitzinean ziren hautetsi batzuk finantzatzen ari dira Tours aldean egiten ari den treinbide berria. Lan horiek diruz laguntzen dituzte Pirineo Atlantikoek eta Akitaniak.
Hainbat erreakzio
Gai minbera hunek erreakzio ainitz sortu du. Michèle Alliot Marie ministro eskuindarrak proposatu du merkantzientzat egin beharko den linea berria Biarno aldean eraikitzea. Linea berria egitearen alde baldin bada ere, Jean Louis Carrère Akitaniako president orde sozialistak dio 2016an arrunt baztertuko dutela proiektu hori, merkantzien kopurua ez bada azkarki haunditzen.
Hautetsien eta RFF konpainiaren arteko bilkurek aitzinera segitzen dute. Lapurdiko auzapezen arabera, Prefetak ez du arras baztertzen lineak Senpere eta Larrun zeharkatuko dituela.
Hurrengo hitzordua hazilaren 6an
Bilkura gehiago eginen dira hazilaren 6an, 17an eta 30ean. Azken hitzordu hortan jakin daiteke nondik pasa daitekeen kilometra bateko zabalera duen kolidorea. Pierre Marie Nousbaumek zuzentzen duen Herriko Etxeko oposizio taldeak batzorde bat sortzea galdetu dio auzapezari. Nousbaumen ustez, prefeturak eta RFFk pittaka-pittaka ematen duten informazioaren berri eman liteke batzorde hortan.