Gertatua gogor salatu dute ELBk eta Pirinio Atlantikoetako Kontseilari Orokorrak

Xan Harriague 2009ko azaroaren 3a

Frantzia da Europako estatu bakarra holakorik debekatzen duena

Urriaren 20an, 08:30­ean Fran­tziako Aduanako Polizia Hauziartzeko Bordara joan eta bazte­rrak miatu ondotik nagusiak, Erran­donea senar-emazteak, Kanboko poli­zia-etxe­ra eraman zituen haien galdezketatzeko. Egun osoan preso atxi­­ki zituzten 18:00 arte.
Hego Euskal Herrian kabalendako erremedioak erosteagatik kontrabanda leporatzen die Anne Kayanakis Baionako prokuradoreak, baita osagarrian «ondorio txa­rrak» izaten ahal lukeen iruzur delitua ere. ELB ez da batere ados horrekin. «Iparraldeko laborariek Hegoaldean erosten dituzte erremedio gehienak; hemengoen berdin-berdinak dira, baina merkeago salduak. Frantzian ikertuak ez diren eta arris­kutsuak izan daitezkeen produktuekin ez dute deus ikustekorik».
Hauziartzeko Bordako senar emazteak libre utzi dituzte, baina aferak aitzinera segitzen du. Karmen Errandoneak berak onartu du erre­me­dioak Hegoaldean erosi dituztela «prezioa %50 edo %70 merkeago delakoz».
Lau urteko kar­tzela zigorra eta 75.000 euroko isuna arriskatzen dute. Egun berean Ainhoako maraxela, eta Zuraide eta Itsasuko laborari  bana ere arrastatu zituzten.

Oihartzun haundia
Aferak solas anitz eman ditu laborariek mementu txarrean baitira behi-esnearentzat ordaintzen zaienagatik. Gainera ardien erditze sasoin huntan laboran­txa nehor gabe uztea kaltegarria gerta liteke. Vicent Bru Pirinio Atlantikoetako Kon­tseilari Orokorraren arabera, «jokoz kanpoko ikuskizun» bat izan da, «manerarik gabekoa».
Jakin behar da Fran­tzia dela Europako Bata­sunean herrialde bakarra hori debekatzen duena. 2001az geroztik Europako Legebiltza­rrak onartu duen lege batek dio Europako estatu batean baimenduta den erre­medioa gaineratiko edozein estatutan onartua izan behar dela. Zor­tzi urte pasa badira ere, Fran­tziak ez du oraino bere egin lege hori, eta Europan bakarra da. Baina harrigarriena da Fran­tziako Ministroen Kon­tseiluak ondoko ortze­gunean onartzea aurreikusia zuela. Nola ez Erran­doneatarrak preso hartu zituzten egun berean Europako Batasunak zigorra eman zion Frantziako estatuari ho­rre­lako debekuak inda­rrean atxikitzeagatik.

‘Ikuskizuna’?

Ez da argi zein izan den polizia operazio ho­rren helburua, kontuan hartuz Karmen Errandonea APLI esne ekoizleen elkarteko eleduna dela, eta ondoko ortzegunean bilkura bat zutela esnearen prezioari buruz. Gainera 2004an Bretainian izandako ho­rre­lako kasu batean Fran­tziako Justiziak auzia bertan behera utzi zuen. Agian laborariak beldurtu nahi zituzten Bruk dioen bezala «ikuskizuna» eginez. Bizkitartean, azken urte hauetan ohointzan behin eta berriz ari direnak segitzen dute. Erran­doneatarrak preso atxi­ki zituzten egun berean ohoinak Keinu tabernan eta Pikasarrian sartu ziren eta eba­tsi zituzten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun