Ludoteka ibiltaria eginen da Eratsun, Zubieta, Narbarte, Sunbilla eta Donezteben

TTIPI TTAPA 2009ko azaroaren 3a

Ludoteka Ibiltaria iragartzen duen kartela. Fermin ETXEKOLONEA

6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendua dago

SEI SAIO HERRIZ HERRI
Hiru orduko sei saio eginen dira: Eratsunen larunbat honetan; Zubietan azaroaren 7an; Narbarten    azaroaren 14an; Sunbillan azaroaren 21ean eta Donezteben azaroaren 28an. Horien ondotik Kultur Arteko Topaketa ere eginen da, oraindik zehaztua ez dagoen tokian eta egunean.

Munduari bira Male­rreka eta Bertizaranan zehar. Lelo horrekin ekimen berria abiatuko du Malerrekako Mankomunitateak Inmigrazio Planaren barne. 6 eta 12 urte bitarteko haurren­tzako ludoteka paratuko du martxan bortz he­rr­itan: Eratsunen, Zu­bie­tan, Narbarten, Sun­billan eta Donezteben.
Hiru orduko saioak eginen dira heldu diren larunbatetan, 10:00etatik 13:00etara, eta azkena, Kultur Arteko Topaketa izanen da.

Larunbatean Eratsunen
Lehenbiziko saioa Eratsunen eginen da, larunbat honetan, urriak 31. Bigarrena Zubietan azaroaren 7an; hirugarrena Narbarten azaroaren 14an; lauga­rrena Sunbillan azaroaren 21ean eta Donezteben hurrengoa, azaroaren 28an. Azken besta non eta noiz izanen den oraindik ez dago zehaztua.
Herri bakoitzean kontinente bateko bitxi­keriak, jolasak eta kantak landuko dira, eta azken bestan, ginkana erraldoia eginen da. He­rri bakoitzeko ludote­kan parte hartu duten haurrek, begiraleen la­gun­tzarekin, gainerako hau­rrei ikasitako jolas bat erakutsiko diete.


Puzzle erraldoia eginen dute
Bi hezitzailek hartuko dute ludoteka ibiltariaren ardura, eta hau­rrak taldeka banatuko dira. Bakoitza kontinente batean kokatuko da, eta kontinentez kontinente munduari bira emanen diete guztiek.
Kontinentearen irudi ttiki bat izanen du neska-mutiko bako­itzak bizka­rrean, eta azkenean, denen artean munduko puzzle erraldoia eraikiko dute.

Plangintza
Hau izanen da ludoteka ibiltzari honen egitaraua.

10:00etatik 10:20ra haurren harrera;

10:20tik 11:00etara ongi etorria;

11:00etan hamaiketakoa

Ondotik tailerrak –eskulanak, sukaldaritza...

12:00etatik 13:00etara jolasak eginen dira.

Helburuak
Hainbat helburu ditu ekimen honek. Alde batetik, jatorri desberdinetako haur eta gurasoen arteko harremanak sus­tatu nahi dira, eta gisa berean, kulturarteko hezkuntzan sakondu nahi da bertze herrialdeetako ohiturak, ezaugarriak, jolasak, kantak... ezagutuz. Bide batez, bertzelako kulturak ezagutzeko interesa piztu nahi da hau­rrengan, migrazioa landuz eta giro atseginean elkarrekin jolasean ongi pasatuz. Aisialdian euskararen erabilera bultzatzea ere bada asmoa, eta horrela, haur etorkinak euskarara hurbiltzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun