Kotxe istripuaren ondorioz gurpil-aulkian gelditu zinen...
Bizkarrezur muineko traumatismo larri bat izan nuen eta gerritik beheiti sentikortasunik eta mugikortasunik gabe gelditu nintzen.
Zer erran zizuten medikuek orduan?
Iruñera joan eta bizkarrezurra zuzen paratzeko ebakuntza bat egin zidaten, golpearekin okertua nuelako. Hemen zuzen paratu bakarrik egiten dute eta bizkarrezur muinean min hartutakoak Toledo edo Bartzelonako zentru espezializatuetara bideratzen dituzte. Ni Bartzelonako Guttman Institutuan egon nintzen. Betiko horrela geldituko nintzela erran zidaten eta gurpil-aulkian bizitzen erakutsi zidaten: bakarrik kotxera sartzen, janzten... Sei hilabeteren buruan, Doneztebera bueltatu nintzen, aulkian, eta bizi berri hau aitzinera eramaten hasi nintzen. Etxean aparatu batzuekin egunero jartzen nintzen zutik, zirkulazioarendako ona zelako, baina bertze tratamendurik hartu gabe. Salamankara ere joan nintzen eta ikasketekin segitu nuen.
Eta nola izan zenuen Reis medikuaren berri?
Aitak egunkari batean artikulu bat irakurri zuen, baina ez genion garrantzirik eman. Handik denbora batera, ahizpak irratian Lisboan operatutako biren testigantzak aditu zituen, eta niretzako balio zezakeela pentsatu zuen. Familiako baten bidez, Reisek operatu zuen euskal herritar batekin harremanetan jarri nintzen. Bere historia eta bertze batena kontatu zizkidan, eta Internetez eurekin egoten hasi nintzen. Hurrengo pausoa Reisen fisioterapeuta den Graça Mendesekin egotea izan zen. Nire erresonantzia-magnetikoa erakutsi nion, ez baitituzte kasu guztiak operatzen. Medikuarekin egon nintzen gero eta honek ebakuntza egiten ahal zidala erran zidan. Ez nuen dudarik izan, eta ez naiz damutzen.
Badu arriskurik?
Anestesia dela-eta bertze edozein ebakuntzak izan dezakeena. Lesiotik beheiti lan egiten dute, eta nire kasuan, ez nuen deus galtzekorik, gerritik beheiti ez nuelako deus sentitzen ez mugitzen ere.
Eta errehabilitazioa?
Hiru edo sei hilabetean behin Lisboara joan behar dut. Internetez zein ariketa egin behar ditudan erraten dit eta etxean egiten ditut. Egunero muletekin zutik jartzen naiz, laguntzarekin, eta astean hirutan lurrean ariketak egiten ditut. Hobetuz gero, fisioterapeutak ariketak aldatzen dizkit. Argi dago emaitza onak dituela euren lanak.
Reisek kontrakoak ere baditu...
Bai, kritika haundiak jasotzen ditu, baina lan haundia egiten ari da eta ezagutu ditudan kasu guztiek emaitza onak izan dituzte. Zientifikoek onartutako lana da berea. Pena da hemen horrelako tratamendurik ez izatea, eta Lisboaraino joan eta dena gure kontutik ordaindu behar izatea.
Hobekuntzak somatzeko urte batzuk beharko dira, ez?
Bai, errekuperazioa mantsoa da, eta pertsonaren araberakoa. Hau ez da Lurdes, ez dago miraririk, eta ez gara egun batetik bertzera oinez hasiko, baina itxaropena beti hor dago. Hemen ez dute irtenbiderik ematen eta Reisen ebakuntzak, aldiz, atea erdi irekia uzten du eta poliki bada ere, hobetzen ari gara.
Zer erranen zenieke aulkian daudenei?
Emaitza onak ikusita kontuan hartzeko ebakuntza iruditzen zaidala. Baina norberak hartu behar du erabakia.