Errepide berria izateak ez du, noski, istripu arriskua alde batera uzten eta hori garbi erakutsi du N-121A errepideak asteburu honetan.
Larunbat arratsaldeko 16:25ean, Etxalarren bizi den 41 urteko moto gidaria larri zauritua suertatu zen Etxalarko Benta inguruan. SOS Navarrak bi anbulantzia bidalitu zituen istripuaren lekura, horietako bat medikalizatua, baita helikopteroa eta Oronozko suhiltzaileak ere.
Lehen ikerketen arabera, matxura zuen auto batek olioa galdu eta errepidea zikindu zuen. Olio putzu batean irrist egin, kontrola galdu eta bertze auto baten kontra jo zuen. Lehenik Irungo Ospitalera eraman zuten zauritua eta gero, Donostiako Ospitalera, larritasun handiko zauriak baititu.
Sunbillako tunela
Igande arratsaldean berriz, Sunbillako tunelean izandako erori baten ondorioz, errepidea moztu behar izan zuten bizpahiru orduz eta trafikoa Sunbillako zeharbidetik desbideratu behar izan zuten. Garai bateko harat-honatak gogoratu behar izan zuten sunbildarrek.
Lanak Belate eta Almandozko tunelean
Belate eta Almandozko tuneletan egiten ari diren mantenimendu lanen ondorioz, bart gauetik ortzegun eta ortzirala bitarteko gauera, 23:00etatik 5:00etara itxia egonen da errepide nagusia Irunerako norabidean. Honela, gau horretan, Iruñaldetik datozenek Belateko portutik pasatu beharko dute.