Ludoteka ibiltaria eginen da Eratsun, Zubieta, Narbarte, Sunbilla eta Donezteben

TTIPI TTAPA 2009ko urriaren 30a

Lehenbiziko saioa Eratsunen izanen da urriaren 31n

Munduari bira Malerreka eta Bertizaranan zehar. Lelo horrekin ekimen berria abiatuko du Malerrekako Mankomunitateak Inmigrazio Planaren barne. 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzako ludoteka paratuko du martxan bortz herritan: Eratsunen, Zubietan, Narbarten, Sunbillan eta Donezteben.
Hiru orduko saioak eginen dira heldu diren larunbatetan, 10:00etatik 13:00etara, eta azkena, Kultur Arteko Topaketa izanen da.

Larunbatean Eratsunen
Lehenbiziko saioa Eratsunen eginen da, larunbat honetan, urriak 31. Bigarrena Zubietan azaroaren 7an; hirugarrena Narbarten azaroaren 14an; laugarrena Sunbillan azaroaren 21ean eta Donezteben hurrengoa, azaroaren 28an. Azken besta abenduaren 19an eginen da Iturenen.
Herri bakoitzean kontinente bateko bitxikeriak, jolasak eta kantak landuko dira, eta azken bestan, ginkana erraldoia eginen da. Herri bakoitzeko ludotekan parte hartu duten haurrek, begiraleen lagun­tzarekin, gainerako haurrei ikasitako jolas bat erakutsiko diete.

Puzzle erraldoia eginen dute
Bi hezitzailek hartuko dute ludoteka ibiltariaren ardura, eta haurrak taldeka banatuko dira. Bakoitza kontinente batean kokatuko da, eta kontinentez kontinente munduari bira emanen diete guztiek.
Kontinentearen irudi ttiki bat izanen du neska-mutiko bakoitzak bizkarrean, eta azkenean, denen artean munduko puzzle erraldoia eraikiko dute.

Plangintza
Hau izanen da ludoteka ibiltzari honen egitaraua. 10:00etatik 10:20ra haurren harrera; 10:20tik 11:00etara ongi etorria; 11:00etan hamaiketakoa eta ondotik tailerrak –eskulanak, sukaldaritza...–. 12:00etatik 13:00etara jolasak eginen dira.

Helburuak
Hainbat helburu ditu ekimen honek. Alde batetik, jatorri desberdinetako haur eta gurasoen arteko harremanak sus­tatu nahi dira, eta gisa berean, kulturarteko hezkuntzan sakondu nahi da bertze herrialdeetako ohiturak, ezaugarriak, jolasak, kantak... ezagutuz. Bide batez, bertzelako kulturak ezagutzeko interesa piztu nahi da hau­rrengan, migrazioa landuz eta giro atseginean elkarrekin jolasean ongi pasatuz. Aisialdian euskararen erabilera bultzatzea ere bada asmoa, eta horrela, haur etorkinak euskarara hurbiltzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun