Etxalarko etxeen izenak eta historiako zenbait jakingarri azaltzen dituzten bi liburu idatzi ditu Pello Apezetxeak

TTIPI TTAPA 2009ko urr. 30a, 10:48

Bi liburu interesgarrien aurkezpena egin zuen ortzegunean Pello Apezetxea apezak. TTIPI TTAPA

Herriko apezak aurkezpena egin zuen ortzegun arratsaldean Kultur Etxean

“Etxalarko etxeen izenak” eta “Etxalarren historiako zenbait jakingarri”. Baten faltan, bi liburu aurkeztu zituen ortzegunean Pello Apezetxea Etxalarko apezak herriko Kultur Etxean. Lehenbizikoa, Patxi Salaberrirekin elkarlanean egin du eta “toki eta etxe izenak galtzeko arrisku handia dugun honetan, beharrezkotzat jotzen dugu izenaren balioa aldarrikatzea” dio Apezetxeak. Etxeak, ez ezik, herriaren eta auzoen izenen azalpen etimologikoa egin du eta etxe nahiz baserri guzien argazkiak eta desagertuta daudenen aipamena ere egin du.
“Etxalarko etxeen izenak” liburuak lan handia badu, zer erran “Etxalarren historiako zenbait jakingarri” liburuaz. Herriko Etxeko eta Parrokiako liburu eta paperetan Pello Apezetxeak ikusi dituen hainbat jakingarri agertu ditu, bertze artxibo eta liburuetatik eskuratutako zerbait gehituta. “Hemen bildutakoa herriaren historiaren zati eta alderdi txiki batzuk dira” dio Pello Apezetxeak, “baina ageri diren zatiek herriaz eskaintzen dutena baliotsua gertatuko dela espero dut herriaren zerbait gehiago ezagutzeko”.
Lehenbiziko atala 800. urtetik 1600. urtera antolatu du eta gero, mendez mendeko jakingarriak sartu ditu, udal kontuak, elizakoak, gerra, kontrabandoa, usategiak, populazioa, argazki zaharrak… 300 orriko liburu mardula eta interesgarria osatu arte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun