N-121A errepidean Igantzi eta Bera arteko zati berria urriaren 23an zabaldu zen. Azken 7.870 metro horiek falta ziren Sunbilla eta Behobia arteko errepide berria oso-osorik irekitzeko eta, zazpi hilabeteko atzerapenarekin bada ere, azkenean ireki zuten. Amiselaietako tunela ere egun berean ireki zuten, arazo geoteknologikoak moldatu eta gero.
Izan ere, Sunbilla eta Etxalar arteko 4.150 metroko tartea eta Etxalar eta Bera arteko 3.720 metrokoa hasiera batean martxoaren 30erako ireki beharrak zituzten. Lanak egiteko arazo batzuk onartu ondotik ekainaren 30era gibeleratu zuten epea eta gero irailaren 30era. Azkenean, urriaren 23an ireki zen.
Igantzi eta Etxalar arteko zatiak 4,15 kilometro ditu eta lau zubibiderekin gurutzatzen da Bidasoa erreka. Basataundiko tunela, 448 metrokoa, ere zati horretan dago eta 21,9 milioi euroko aurrekontua izan du.
Etxalar eta Bera arteko zatiak, berriz, 3,72 kilometro ditu eta bortz zubibide. Amiselaietako tunela, 405 metrokoa, ere egin dute. 21,2 milioi euroko inbertsioa egin da.
Irekiera ekitaldian, Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidentearekin batera, Laura Alba Herrilan, Garraio eta Komunikabidetako kontseilaria eta Begoña Sanzberro, Landa Garapen eta Ingurumenekoa izan ziren, Bortziriak, Baztan, Malerreka eta Bertizaranako hainbat udal agintarirekin batera. Udal agintari horien artean Sunbillakoak falta ziren, herriko sarrera-irteerak moldatzeko egin dituzten alegazioak ez direla kontuan hartu eta protesta gisara.
1.444 metro guttiago
Gaur egun Bera ingurutik 8.764 ibilgailu pasatzen dira egunero, horietatik %22,6a astunak. Trafiko hori areagotuko dela uste dute alkateek ere horrek kezka eragiten du, baina Nafarroako Gobernuko presidentearen arabera, errepide berriak behar guziak aseko ditu. Lehenagoarekin konparatuz, errepide berrian 1.444 metro guttiago egin behar dira Sunbilla eta Bera lotzeko.
Inguruko alkateen eskariari erantzunez, garai bateko trenbidea lehengora bueltatu ez ezik, behin gasaren kanalizazio lanak bukatu ondotik, hobetu ere eginen dutela adierazi zuen Miguel Sanzek.