Elgorriagako Balnearioa ofizialki inauguratu dute astelehen eguerdian

Aitor AROTZENA 2009ko urriaren 19a

Elgorriakako Balnearioari buruzko azalpenak eman ditu Oscar Mongay lanen zuzendariak. Laura Rodriguezek aurreskua dantzatu du eta Santos Irurueta Elgorriagako alkateak ireki du solasaldien txanda, Bea

Beatriz Corredor Espainiako Etxebizitza ministroa eta Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidentea izan dira ekitaldian, hainbat agintarirekin batera.

Duela hiru hilabetetik lanean ari bada ere, astelehen goizean ofizialki zabaldu ditu bere ateak Elgorriagabo Balnearioak. Ekitaldirako, Elgorriagako alkate eta zinegotziekin eta inguruko hainbat herrietakoekin batera, Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidentea eta Betariz Corredor, Espainiako Gobernuko Etxebizitza ministroa etorri dira Elgorriagara. Beraiekin batera, Nafarroako hainbat kontseilari ere izan dira: Toki Administrazioko Amelia Salanueva, Landa Garapen eta Ingurumeneko Begoña Sanzberro, Gizarte Gai, Familia, Gaztedia eta Kiroletako Maria Isabel García Malo eta Kultura eta Turismoko Juan Ramón Corpas.
Lehenik, Zubietako joaldunek beraien harat-honatak egin dituzte balnearioaren atarian, berariek ere nolabaiteko bedeinkapena emanez eraikin berriari.
Segidan, obren zuzendaritza egin duen Oscar Mongay Jimenez eta Maite Mariezkurrenaren azalpenak aditu dituzte. Honela, erdiko igerilekuaren inguruan egindako eraikina dela azpimarratu dute eta hotelerako, 25na logela dituzten hiru eraikin egin dituzte, “irizpide bioklimatikoak segituz denak hegoaldera begira eta iparralderako fatxada opakoarekin, beroa hobe isolatzeko”. Modu berean, hiru izarreko hotela, baina epe ertainean lau izateko aukera ikusten diote.

10,2 milioi euroko inbertsioa

Aipatzekoa da 6.000 metro koadro inguru dituen Elgorriagako balnearioa egiteko 10,2 milioi euroko inbertsioa egin dela; Etxebizitza Ministerioak kasik 3 milioi euro jarri ditu, 2.961.982 euro zehazki, moldaketa lanen %40,6a. Nafarroako Gobernuak 1.933.428 euro ordaindu ditu, 2004, 2005 eta 2006ko aurrekontuetan. Gainerakoa, Elgorriagako Udalak eta Elgorriagako Balnearioa elkarteek ordaindu dute. Izan ere, bere garaian Sustapen Ministerioaren, Nafarroako Gobernuaren eta Elgorriagako Udalaren elkarlanaren ondorio da eraikin berria. 1999ko urtarilaren 26ako bileran onartu zuen Espainiako Gobernuak Elgorriagako Balnearioaren zaharberritzea; 1999ko apirilaren 12an Nafarroako Gobernuak hiru erakundeen arteko elkarlan hitzarmenaren oinarriak onartu zituen.
Laura Rodriguez Doneztebeko dantzariak aurreskua dantzatu du eta gero, gonbidatu guziak Balnearioa sartu dira. Solasaldien txanda, Santos Irurueta Elgorriagako alkateak ireki du.

 

Solasaldien txanda

Santos Irurueta Santesteban, Elgorriagako alkateak aipatu zuenez, “urte aunitz eta lan aunitzen ondorio izan da balnearioa, batzuetan porrot egin behar zuela ematen zuen, baina gaur egun errealitatea da, eta baikorra da herriarentzako eta eskualdearentzako, lanpostuak sortzen dituelako, bereziki zigortua dagoen inguru batean”.
Beatriz Corredor Etxebizitza ministroak, berriz, “ondare arkitektonikoa berreskuratzea eta mantentzea” da berak gidatzen duen ministerioaren ekimen nagusietako bat  eta horregatik Elgorriagako balnearioa irekitzea berri ona dela adierazi du. Nafarroan egiten ari diren bertze lan batzuk ere gogoratu zituen, Tuterako Gaztanbide Antzokiaren zaharberritzea eta Lakuntzako udal zinemaren zaharberritzea, bertzeak bertze. Joan den urtean Elgorriagako bainuetxean lanean ari zela hildako Manuel Muñoz Vizuete ere gogoratu zuen ministroak.
Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidenteak aipatu duenez, “Malerreka bezalako landa eremu batean egindako eraikin honek, dudarik gabe, bere aktibitate ekonomikoa eta soziala bultzatuko du, bere baliabide turistiko eta naturalen berri emanen baitu bertze probintzia eta herrialdetan”. Elgorriagako balnearioa martxan jartzea etorkizunera begira Nafarroako Gobernuak egiten dituen politiken sinbolotzat ere jo du: “alde batetik, bere garaian Elgorriagako balnearioak zuen jarduera berreskuratu da eta bertzetik aurrerapen teknikoak ditu, ikerketaren eta berrikuntzaren ondorio direnak”. Balnearioa posible izateko lagundu duten guziak eskertu nahi izan ditu eta bereziki, proiektuaren bultzatzaile eta urtetan Elgorriagako alkate izan den Jose Miguel Galarregi goraipatu zuen, “duela urte batzuk ametsak zirenak, egi bihurtu dituela”erranez.


Instalazioetara bisita
Bukatzeko, instalazioko putzu eta eremu ezberdinak bisitatu zituzten eta Mikel Biain Elgorriagako apezak, putzu nagusiko ur gazia erabiliz bedeinkapena eman zion instalazioari.
Bainuetxera ailegatzen den urari dagokionez, Inma Irisarri hidrologian espezialdutako medikuak aipatu duenez, “ minero-medizinala da eta batez ere kloroa, sodioa, eta burnia dauka, azaleko arazoentzat oso egokia; ur-litro bakoitzeko 333 miligramo gatz du urak, Europan eta kasik munduan gehien duena, eta hainbat oinaze-mota sendatzeko egokia da, kloro eta sodio aldetik mineral aunitz baitute. Ura 14 gradu terditan ailegatzen da eta berotu behar izaten dute putzuetara isurtzeko. Baita gatza kendu ere, flotatzeko putzuan izan ezik”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun