Sarerik hedatu gabe joan zen lehen aldiz Etxalarren Usategietako Igandea

TTIPI TTAPA 2009ko urriaren 19a

Itxura ez ohikoa zuen Usategiak, sarerik hedatu gabe. Usazaleek "Etalarko Usategiak egoera larrian! Errespetua da konponbidea" zioen pankarta hedatu zuten. TTIPI TTAPA

Ordenantza ez bada betetzen ez dutela sarerik hedatuko diote usazaleek

Etxalako Usategietan lehen aldiz ez ziren sarerik hedatu Usategietako Igandean. Azkeneko urteetan izan diren gorabeherak aurtengo sasoi hasieran lehertu ziren, Etxalarko ehiztariek erabiltzen dituzten 4 eta 5 postuen aitzinean zuhaitzak moztuak agertu zirenean. Usazaleek egileak zigortzea eskatzen dute eta honela, ordenantzaren arabera, hurbilen dauden postuetan ezin litzateke ehizarik egin sasoi osoan. Atzokoan pankarta bat ere hedatu zuten usazaleek: “Etxalarko Usategiak egoera larrian!! Errespetua da konponbidea” zioen. Ehiztariek bere aldetik, ukatu egin dute beraiek direnik mozketaren egileak “zuhaitzak moztea beraien teilatuaren kontra harriak botatzea” litzatekeela argudiatuz.  Etxalarko alkatetza duen Herri Taldeak ere, “egileak zein diren jakin gabe ezin dela araudirik aplikatu” uste du.
Kontuak kontu, Usategietako Igandea ospatu zen, eguraldi ederrarekin gainera, baina ospakizun trixtea izan zen, ez baitzen egunari izaera berezia ematen dion sarerik hedatu. Etxalartarrek argi dute denen artean moldatu beharreko afera dela eta bixitan etorritako kanpotarrek goibel zeuden, ez baitzuten aspaldiko ohitura ikusterik izan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun