Euskal Kantuzaleen Elkartearen ekimenez, laster abiatuko da Nafarroako Euskal Kantu Txapelketaren edizio berria. Ohi bezala, azaroan izanen da.
Izena emateko Kantuzale Elkartean eta euskal irratietan
Dagoeneko izen-emateko epea zabalik dago eta azaroaren 4ra arte izanen da aukera. Interesatuek hainbat bide dituzte izen-emateko: Alde batetik, Euskal Kantuzalearen Nafarroako egoitzara deituz (948 144706 –09:00etatik 14:00etara) edo idatziz (nafarroagaraia@kantuzale.net). Edo bertzela, Nafarroako edozein irrati euskaldunetara jo. Gure eskualdean, adibidez, Xorroxin eta Karrape irratietan eman daiteke izena (Xorroxin Irratia: 948 581374/ 948 581226/ 948 638288 eta Karrape Irratia: 948 610914).
Finala Elizondon
Txapelketako lehenbiziko kanporaketa azaroaren 7an jokatuko da Etxarri Aranazko Kultur Etxean, 18:00etan. Bigarrena Berriobeitiko Kultur Etxean (Artika Berria) izanen da azaroaren 14an, hau ere 18:00etan. Eta final haundia, azkenik, azaroaren 21ean jokatuko da Elizondoko Lur dantzalekuan, 18:00etan.
15 urtetik goitikoek parte har dezakete
Beti bezala, 15 urtetik goitiko edozeinentzat zabalik dago lehiaketa, beti ere, kantari amateurrak baldin badira, eta salgai dauden grabaketak ekoiztu ez badituzte.
Bakarka, bikoteka zein taldean (hiru partaidetik hamar bitarte) kantatu ahal izanen da. Bakoitzak bi alditan aurkezteko aukera izanen du kanporaketetan. Dena den, finalerako sailkatuz gero, epaileek erabakiko lukete zein abestuko duen final haundian.
Bertzalde, aitzinekoetan bezala, partaide berriei euren meritua gogorarazteko Berrien maila osatuko dute, eta horiek sari berezia jasoko dute. Taldeen parte-hartzaileari ere bulkada berezia eman nahi dio Euskal Kantuzale Elkarteak.
Sariak
Maila eta modalitate bakoitzeko lehenbiziko biek jasoko dituzte sariak. Baina horiez gain, bertzelako sari bereziak ere egonen dira: sormena edota partaide berrien meritua sarituko dutenak, erraterako.