Beñat Oronoz lesakarra eta Joseba Apeztegia iruritarra Nafarroako txapeldun

Aitor AROTZENA 2009ko urriaren 13a

Errekakoa jubenil mailako buruz buruzkoan nagusitu zen eta Txarutakoa kadete mailakoan

Nafarroako buruz buruko txapelketaren finalak jokatu ziren joan den ortziral arratsaldean Iruñeko Labit pilotalekuan, kadete eta jubenil mailan. Eta bi kategoriatan, eskualdera etorri ziren txapelak.
Kadete mailan, Txarutako Joseba Apeztegia iruritarrak 18 eta 9 irabazi zion Etxarri Aranazko Adur Lasari . Hasieran urduri ibili zen iruritarra, markagailuan gibeletik, baina abudo lasaitu eta txapela irabaztea lortu zuen.
Jubenil mailan, Errekako Beñat Oronoz lesakarrak 18 eta 9 irabazi zion Zugarraldeko Iker Taintari. Burlatakoa 0-3 aitzinetik izan zen, baina bosnako eta zazpinako berdinketen ondotik, 17-8 irabazten jarri zen Oronoz, finala eta txapela erabakiak utziz. Bere sake zitala baliatu zuen Oronozek, (hirutan, Taintak ez zuen pilota ukitzerik ere izan, teniseko ace-a balitz bezala) baita bere eskuin kolpe indartsua.

 

Bertze txapelketak
Huarteko lau terdiko txapelketan, Errekako Joseba Madariaga aranztarrak 22 eta 18 irabazi zion Paz Zigandako Alegriari.
Nafarroako 22 urtez beheitiko buruz buruko txapelketan, Donezteben Errekako Oier Bereau iturendarrak 3 eta 18 galdu zuen Txarutako Zarantonekin.
Arbizuk, Pilotajaukuko Alustizak 18 eta 15 irabazi zion Errekako Imanol Baleztena zubietarrari.
Burlatako txapelketari dagokionez, benjamin mailan, Umore Onako Apezetxea eta Errekako Salaberria goizuetarrek 18 eta 6 irabazi zieten Oiartzungo Ugalde eta Leonet-i.
Alebin mailan, Errekako Fagoaga eta Sein iturendarrek 18 eta 6 irabazi zieten Amurrioko Eizagirre eta Ugarteri.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun