Eta zu, mutil al zara?

Utzitako argazkiak 2009ko urriaren 13a

Berriki leitu ahal izan dugu Elizondoko txistulariek herritarrei helarazitako idazkia. Bertan, mutildantzetan nesken parte hartzea gaitzetsi eta, ondorioz, egoera hauetan ez jotzeko erabakiaz solas egiten dute. Norbanakoen erabaki pertsonaletan sartuko ez banaiz ere, kezkagarria deritzodan neu­rrian,  gisa honetako iri­tzia duzuenei galdera zenbait luzatuko dizkizuet. Erantzuna zinez eskertuko nuke, ikuspe­giak argitzea garrantzi­tsua deritzodan heinean. Galdemodua oina­rriz­koa da, argigarriak balizko erantzunak: nor da bada zuendako mutil Baztanen, Elizondon, zehazki? Mutil (beraz mu­tildantzetan parte hartzeko eskubidedun, zuen aburuz) al dira haur, nerabe, ezkondu eta aitatxiak? Ala, ohikoaz ari zaretela kontuan izaki, ezkongabeko gazteak bakarrik, dira mutil? Mutil al da inolako institu­zio­tik pasatu gabe, bikotearekin elkartuta bizi dena, baldin eta ez­kondu ez den? Eta ezkondu delarik ere, gero banandu bada b­e­rriz mutil bihurtzen al da? Epaitegiak aitortu behar izan al dio banaketa inori, honek berriro ere mutil estatusa be­rres­kura dezan? Mutil al dira zuendako zortzikoa dantza­tzen duten emazteki eta andreak? Ohiko mutildantzetaz ari zaretela, Baztanen bertan sortutakoa behar al da mutil izan ahal izateko? Posible litzateke Senegalen edota Ekuadorren sortutako mutilik? Diasporako baztandarren seme-alabak mutil al dira? Eta Urritza­ten, Potosín ala Boisen sortua izanda ere, sexu biologikoz arra izanda, go­narekin jantzita balego? Zuen oniritzirik al luke ohikoak ez diren go­zatze eta ohiturak dauzkan gizonezkorik? Pausu bat haratago, bere sexuan ezinegonez bizi eta sexu aldaketarako ebakuntza egindakoa balitz dantzaria?
Antzinekoei ezin galdeginen dizkiegu hauek denak.Garai horietan horrelakorik ez zelakoz edota, pertsona zein jendarte mailako hainbat presio (eta erre­presio)  tarteko, izenik gabeko izanak, izan, bazirelakoz gurean ere. Zinez uste al duzue gaur egun argudio biologizis­tek ibilbiderik izan dezaketela? XXI. mendeko Baztanen, zorionez, neska izandako mutilak, mutil izandako neskak, neska sortutako neskak eta mutil sortutako mutilak ezagutu­ko dituzue. Bistan da gene­roa sexu biologikoa baino zerbait gehiago dela, bistan da herriko plaza gaueko 10etan (eguerdian berdin) ez dela inoren esparru pribatua, bistan da eskubide uka­tzeak tokirik ez daukala gaur egun. Zuek ez baduzue horrelako egoera batean jo nahi, etzazuela egin doike, baina utzi folkloreari garatzen, bere bidea egiten gaur eguneko jendartean, ez dira ateak ixteko garaiak, berauek ulertzeko eta hauetara egokitzekoak baizik.

 

Nora SALBOTX ALEGRIA - Agoteak XXI-eko kidea

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun