1917 eta 1933 artean sortutako 18 gizon eta emazte senpertar elkarrizketatu ondotik, Senperetik Senpererat. Begirada bat XX.mendeari liburua prestatu du Franck Dolosorrek. Eskuaraz egin du lan guzia, eta ahozkotasunari garrantzia emanez, elkarrizketatuek hitz egin bezala idatzi du. Horri esker, eskuaraz mintzatzeko ohiturarik ez duten senpertar gazteengana ere ailegatu da eta liburua argitaratu berria bada ere, kontent dago erantzunarekin. Baita egindako lanarekin ere: «gustura egin baitut, ez zait lan haundia iruditu».
Nolatan otu zitzaizun liburu hau idaztea?
Badira bi helburu. Alde batetik, Senpereko euskalkia bildu nahi nuen. Hortaz, dena eskuaraz egin dut, Senperen jendea mintzo den bezala, ahozkotasunari garrantzia emanez. Bertzetik, informazioa ere jaso nahi nuen. Herri ainitzetan egin dira horrelako liburuak, eta beti pentsatu izan dut Senperen ere egiten ahal zela. Aspaldi nuen hori buruan, baina horretarako denbora ainitz behar da. Nik biziki maite dut nire profesioa, baina kazetariok gai batetik bertzera presaka ibiltzen gara, deus sakondu gabe. Alde horretatik, zerbait pausatuagoa egiteko gogoa banuen eta joan den urteko udan egitea erabaki nuen.
Zer aurkituko du irakurleak liburuan?
XX. mendeari egindako begirada bat. Ez da Senpereko historia. Jendeak XX. mendea nola bizi izan duen ageri da: gerlak, kontrabandoa... Zer sentitzen zuten gizonek gerlara joaten zirenean, eta zer emazteek semea, anaia edo senarra etorri arte. 18 elkarrizketatuen begirada eta nirea ikusiko ditu irakurleak liburuan. Iruditzen zait XX. mendearen berezitasun bat hain toki ttikian hainbertze gerla izatea dela: bi Mundu Gerla, Espainiako Gerra Zibila, Aljeria eta Indotxinakoa... Senperen familia guziek izan dute norbait hunkitua edo kolpatua. Lehenago ere gerlak bazirela erranen dute, baina XX. mendeko lekukoak oraindik bizi dira. Hastapenetik liburua ozenki irakurtzea gomendatzen dut, horrela aitatxi eta amatxi mintzo direla entzunen duzu. Hegoaldetik begiratuz, Senpere edo Iparraldea ezagutu nahi duenak liburuan gakoak baditu.
XX. mendea aldaketarena dela diozu...
Bai. Bereziki laborarien herria da Senpere eta ikus daiteke laborantza arront aldatu dela, bertze lan guziak bezala. Bizimodua ere aldatu da, baita harremanak ere: lehenago hiru belaunaldi bizi ziren elkarrekin eta orain bakarra. Azpimarratu nahi dut ainitz aipatzen dudala iragana, baina liburuaren asmoa ez dela iragana goraipatzea. Ez dut agertu nahi lehenago hobeki zela orain baino, lehen ere izan baita arazorik: gerlak, kontrabandoen inguruan salaketak,… Halere, uste dut bakoitzak bere nortasuna atxikitzeko nondik gatozen jakitea garrantzitsua dela. Historia xaharrez betetako liburua da, baina geroa dut gogoan.
Nola bizi izan dute senpertarrek XX.mendea?
Denek garai bera bizi izan dute, baina modu desberdinean. Erdiak gizonak dira eta bertzeak emazteak, eta ez dute berdin ikusten. Batzuk laborariak ziren eta karrikatik urrun bizi ziren, eta bertzeak ostalariak ziren. Adibidez, elkarrizketatutako emazte batek gogoan du, II. Mundu Gerlan, bere aita gerlara eraman zutela orduko agintarien akats batengatik. Bertze norbaitek erranen dautzu euren etxean alemaniarrek ez zutela horrelako kalterik egin... Baina aipatu emazte horrek eskola utzi behar izan zuen, bere aita ez zegoelako etxean eta lana egin beharra zelako.
Eta zer diote gaur egungo bizimoduari buruz?
Gaur egungoa ez dugu hoinbeste aipatu, baina orduko aldaketarik ez dela berriz izanen iruditzen zaie. Nire ustez, jende adineko horiek bi bizitza izan dituzte: molde batean sortuak eta formatuak izan dira, erlijioak zuen eragin guziarekin, eta orain guk dugun biziak ez du deus ikustekorik harekin.
Lan haundia izan da?
Gustura egin baitut, ez zait iruditzen haundia izan dela. Egia erran, hortaz bakarrik bizitzea posible banuke, eginen nuke, hori segur. Baina ezin denez… Denbora behar da. Batzuk ezagunak nituen eta horiengana joateko ez dut arazorik izan, baina bertzeen kasuan konplizak bezala behar nituen norbaiten etxera sartzeko. Gero grabaketak egin ditut, bakoitzari bi orenekoak eta ondotik argazkiak ere bildu ditut.
Gogoan gelditu zaizun pasadizoren bat?
Gerla kontuak bereziki. Senperen badira gerlan hilak, eta Poloniako kontzentrazio eremu batean ere mugalari bat hil zen. Norbaitek salatu eta alemaniarrek eraman zuten. Gerlan hildakoen artean, nire aitatxiren anaia bat ere bazen. 1940an hil eta 48an ehortzi zuten. Elkarrizketatu guztiek erran didate gorputzak gero izan dituztela. Gerlarekin lotuta, 1944an amerikarrek Miarritze bonbardatu zuten. Aireportua bonbardatu nahi zuten han alemaniarrak bazirelakoz, baina tronpatu eta hiria egin zuten, eta 18 elkarrizketatu horietan bi han ziren. Liburua egitean, jendea negarrez ikusi dut eta zinez hunkigarria izan da.
Nori eskaini diozu liburua?
Alde batetik aitatxiri, bere izengoitia –Haltza– hartu baitut sinatzerakoan eta bertzetik, nire lau urteko semeari eta nire bi ilobei. Denborarekin, beharbada, ohartuko dira garrantziaz. Eta senpertarrei ere bai, noski, batez ere, gazteei. Haiek interesatzen anhi nuen eta lortu dut. Den-dena eskuaraz egin dut, Senperen jendea mintzo den bezala.