Txapelik ez nafarrentzat

TTIPI TTAPA 2009ko urriaren 13a

Unai Bertiz sunbildarrak lan txukuna egin zuen Harri Ttikien Txapelketan. TTIPI TTAPA

Txinga eta arpanean hirugarren eskualdekoak

Euskal Herriko Lehen Mailako Arpana eta Txinga-eramate txapelketak erabaki ziren urriaren 3an Berriozarren (Nafarroa) eta aurtengoan Nafarroako kirolariek ez dute txapelik eskuratu.
Txinga eramaten, iaz txapeldun izandako Migel Angel Sukuntza lei­tzarra saiatu zen, baina azkenean hirugarren izan zen, Debako Juan Joxe Agirregabiria (Gipuzkoa) eta Laudioko Roman Hie­rroren (Araba) gibeletik.

Arpanean ere hirugarren postua

Euskal Herriko Lehen Mailako arpanlari txapelketaren finala ere jaialdi berean erabaki zen. Anaien arteko lehia estua eskaini zuten Aitor eta Igor Esnaola gipuzkoarrek eta Iñaki eta Josetxo Barberena ultzamarrek. Azkenean, bortz segunduko aldeaz Legorretakoak nagusitu ziren. Mikel Bertiz sunbildarrak eta Xabier Urrutia arraioz­tarrak osatu zuten podiuma. Eta seigarren postua Igor Lasaga beratarra eta Jabier Galarregi etxalartarraren­tzat izan zen.

Harri ttikietan parekorik ez
Aimar Irigoien errezildarrak irabazi zuen ha­rri ttikietako Euskadiko Harri-jasotze Txapelketa urriaren 4an Aizarnazabalen (Gipuzkoa), hirugarren urtez segidan. Gainera, txapelketako marka ezarri zuen, iaz baino 100 kilo gehiago bizkarreratuta. Joseba Ostolaza izan zen txapel­dunordea bertze behin, zazpigarren aldiz sailkatu baita bigarren postuan. Izeta IV.a eta Izeta III.a sailkatu ziren gero, hurrenez hurren.
Hiru nafarrek bete dituzte azken postuak. Aipagarria izan zen, halere, Unai Bertiz sunbilda­rraren lana, Nafarroako txapelduna lehen aldiz aritu zen txapelketan eta marka ona ezarri zuen (10.950 kilo).
Josetxo Urrutia lei­tzarrak eta Aldatzeko Xabier Igoak, euren aldetik, ondu egin zituzten aurrez eurek ezarritako markak. Urrutiak 9.450 kilo altxatu zituen guzira eta kontuan hartu behar da bera zela harrijasotzailerik arinena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun