Jon Lekuberria, 31 urteko zaldun lesakarra Toledon bizi da azken bi urteetan, Talavera de la Reinan zehazki, eta zaldien doma klasikoan aritzen da, profesionalki horretara emana. Aitzinetik, Valentzian, Katalunian eta Extremaduran ere izan da, beti zaldien mundu horretan murgildua. Zalditegien mundua, Formula 1eko autoekin konparatu du, talde handia izaten baita zaldi bakoitzarekin lanean. Zaldien balioa neurtzeko lehiaketetan parte hartzen du eta zenbait sari ere irabaziak ditu.
«Zaldiak hezitzen egiten dut lan, doma klasikoan, eta balio duten aziendak lehiaketetara eramaten ditugu, beraien balioa ikusteko eta neurtzeko. Zalditegi bat osatzerakoan nondik nora joan behar den aztertzeko baliagarriak dira proba hauek, aukera bat egiten da», dio Jon Lekuberriak bere lanbideaz galdetzerakoan. Doma klasikoko lehiaketak morfofuntzionalak direla zehaztu digu, hau da, «alde batetik zaldiaren forma, itxura neurtzen da, lepoa, hankak, sorbalda… eta bertzetik, portaera, trostan ibiltzeko modua, lauoinka edo galopan ibiltzekoa…».
Funtzionaltasun hori lantzeko egunero entrenamenduak egiten dituzte, «zaldi bakoitzarekin egunero 45 minututik ordu eta erdira ematen dugu. Lau lagunen kargu 28 zaldi ditugu gure hipika zentroan». Izan ere, F1eko karreretako kotxeek bezalatsu, lan talde handia izaten da zaldi hauen inguruan: «mozoa –zaldia bazkatu eta azpiak ateratzen dituen langilea–, ni bezalako prestatzaileak, albaiteroa, nutrologoa, ferratzailea eta gainetik dugun entrenatzailea. Guk ez dugu ikusten zaldi gainean egiten duguna eta entrenatzaile honek erakutsi eta zuzentzen digu».
Zaldiaren oreka fisiko eta sikikoa
Zaldiaren oreka bilatu behar dute, fisikoa nahiz sikikoa. Lekuberriak dioen bezala, «zaldiaren inguru naturala ez da kuadra, mendia baizik eta nik, falta zaion askatasun hori aportatu behar diot nolabait ere. Zaldia lasai kontu behar dut, korraletan bere gisara saltoka ibiltzen utzi, eta ahalik eta denbora gehien ibili kanpoan. Bere berezko portaera izanen litzatekeena lantzea gustatzen zait eta ez robot batean bihurtu, azken finean zaldiak dira». Toledon zaldi espainiarrekin aritzen da lesakarra, baina zaldi europarrak ere izan ditu esku artean bere ibilbide luzean. «Europan lan handia egina dute, aukeraketan eta ikerketan agitzez aitzinduagoak daude. Berezko lehengaia dute, gure mailatik goiti eta aurreratuenak alemanak dira».
Bertze kiroletan bezala, plangintza zehatza behar izaten da eta hori xuxen bete behar da: «hasierako ariketak erraxak izaten dira, eta maila eta adinean goiti doazen neurrian, ariketak ere zaildu egiten dira pixkanaka». Zaldiaren adinaren arabera banatzen dira kategoriak doma klasikoan: 4 urtekoak, 5 urtekoak, 6 urtekoak eta 6 urtetik goitikoak, helduak.
Entrenamenduetaz gain, txapelketetan ere parte hartu du Jon Lekuberriak. «Gehienetan Gaztela Mantxako txapelketetan aritzen naiz, puntuatzeko eta noizbehinka txapelketa nazionaletan ere aritu naiz, gehien bat zaldia baloratzeko. Zaldiak kalitate on xamarra duela uste badugu txapelketa nazionaletara aurkezten dugu, baina bertzela beheko mailetan aritzen gara. Sari dexente lortu ditut, gehienak duela urte batzuk. Extremaduran sei urteko zaldietan txapeldun atera nintzen, eta zaldi berarekin hirugarren izan nintzen Espainiako txapelketan».
Harat-honatean zaldiekin ibiltzeaz ez dela inoiz aspertu dio lesakarrak, eta oraindik bere karreran goitirako bidean dagoela ikusten duenez, ez du sorterrira bueltatzeko asmorik oraindik.