Etxez etxeko posta zerbitzua kendu, eta postontzi kontzentratuak paratuko ditu Correosek “salbuespen kasutzat eta inguru berezitzat” jotzen dituen tokietan. Hala nola, inguruko hainbat baserri auzotan. Baina Etxalarko Udala ez da horren aldekoa, orain arteko zerbitzua mantentzea nahi baitu eta horregatik, sinadura bilketa abiatu du.
Hasiera batean, neurria uztailean paratzekoa zen indarrean, baina azkenean urriaren lehenera gibeleratu zuen Correosek. Etxalarko Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, “tarte honetan Beran eta Etxalarren egon dira ibilbideak ikusten”, eta euren proposamena azalduz udaletxean idatzia aurkeztuko zutela erran omen zien. Eta hala egin zuen. Urriaren 1ean idatzi berri bat sartu zuten Correosen udaletxean, eta “epe berri bat ireki zuten panelak partzeko, azaroaren lehena”.
Correosen asmoak ikusita, Etxalarko Udala Luis Antonio Iribarren abokatuarekin mintzatu da. Abokatu hau duela zazpi urte kontratatu zuen Etxalarko Udalak, orduan ere Kontsumo Bitartekaritza Batzordean bueltaka ibili baitziren Correosekin. Orain bada, sinadura bilketa proposatu dute Udalak eta Iribarren abokatuak, “herri guztietan kaltetu guztiekin”. Sinadura idazkariaren aitzinean egin behar da, izen-abizenak, NAN zenbakia, baserria eta auzoaren izena adieraziz. “Komeni da baserrietan bizi diren lagun guztiak sinatzea”, dio oharrak. Behin sinadurak bildutakoan, herri guztiak elkarrekin Kontsumo Bitartekaritza Batzordera joko luekte. Horrekin batera, herri bakoitzetik alkatea edo zinegotzi bat izendatuko lukete kaltetuen ordezkari gisa. Eta aipatu batzordearen aitzinean defentsa egiteko Luis Antonio Iribarren abokatua izendatuko lukete, beti ere, plenoak hala onartuko balu.
Erran bezala, Etxalarko Udalak abian du dagoeneko sinadura bilketa. Urriaren 20a baino lehen sinatu beharko da Herriko Etxean, idazkariaren aitzinean.
Nafarroako Parlamentuan Correosen erabakiaren kontra
Etxez etxeko posta zerbitzua ez kentzeko mozioa onartu du Nafarroako Parlamentuak. NaBaik aurkeztu zuen mozioa eta Parlamentuak aho batez onartu zuen urriaren 8an. Espainiako Gobernuarekin behar diren gestioak egiteko eskatzen dio Nafarroako Gobernuari mozioak, “Nafarroako eskualde guztietan gaur egun indarrean dagoen etxez etxeko posta zerbitzua manten dadin”. NaBairen irudiko, postontzi kontzentratuak paratzea “legez kanpokoa” da, “auzotarrak guztiz erabilgarriak diren bide publikoetatik hurbil bizi direlako”. Gisa berean, “bereizketa” dela ere iritzi dio, “zerbitzuak herritar guztiei berdin eskaini behar zaizkielako”. Etxalarko EA, bere aldetik, pozik agertu da aipatu mozioa onartu izanarekin.