Larrungo trena eta leizeak

Xan Harriague 2009ko urriaren 9a

Krisi ekonomikoak ez du halako eragin handirik izan Larrungo trenean eta leIzeetan. Uztaila eta agorrilean 160.571 lagunek hartu dute Larrungo trena, iaz baino 687 gehiagok. Bi hilabete horietan leIzeetatik pasatu direnak 53.500 izan dira, joan den urtean baino %6 gutxiago. Baina Francois Pouyet leIzeetako zuzendariak dioenez, 2008a biziki urte ona izan zen uholdeengatik hainbat hilabete hetsita egon eta gero berriz ireki zutelako. Batek bertzeak baino jende ani­tzez gehiago hunki­tzen badu ere, Herriko Etxeari etortzen zaizkion etekinei dagokionez, berdintsu ibiltzen dira, Lezeak Herriko Etxeak berak kudeatzen duelako eta Larrungo trena, berriz, Frantziako enpresa handi batek. Azken honek dituen irabaziekin konparatuz oso gutxi da herrira etortzen dena. Egia da, udan 30 langile dituela, baina haien artean gehienak sasoinekoak dira bakarrik, eta beraz, kontratu laburrak baizik ez dituzte. Urteka direnak hamar bat bakarrik dira, oso zenbaki ttikia kontuan hartuz Frantziako enpresa horrek mugitzen duen diru andana eta neguan trenbidearen konponketa lana hemengoa ez den enpresa bati ematen diola. Berez, Larrun­go trena Paueko Kontseilu Orokorrenarena da eta Frantziako enpresa horri eman zion hura kudeatzeko baimena hainbat urtez, baina kontratua aurten bukatzen da, eta ikusteko dago nori emanen dion hainbeste diru mugitzen duen, baina gure herrian ondorio gutxi duen altxor horren heldu den urteetarako kudeaketa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun