Urriaren 31n futbol txapelketa jokatuko Seaskako Integra­zio Batzordearen alde

Xan Harriague 2009ko urriaren 9a

Txapelketaren ondotik zikiro jatea eginen da

Atxuri Urdin Errealaren Peña, Gaztetxea eta Olhain ikastolak bat egin dute urriaren 31n futbol txapelketa antolatzeko. Egun osoan bilduko diren irabaziak Seaskako Integrazioa Batzordeaentzat izanen dira. Ba­tzorde horrek «ezberdinak» diren haurren integrazioa laguntzen du Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberuako Ikastoletan.
Gaur egun 25 dira lagun­tza behar dutenak eskola beste guztiekin batera segitu ahal izateko. Laguntza eta lagun­tzaile behar horrek gastu gehiago dira Seaskarentzat eta Frantziako botere publikoek haien gain ez dituztelako hartzen Integrazio Batzordearen aldeko hainbat ekimen egiten dira han hemenka. Horren karietara, joan den urtean errugbi taldeak txapelketa antolatu zuen Animainean.
Aurten, aldiz futbola izanen da. Txapelketa 09:00etan hasiko da kiroldegian. Sailkatzeko partidak jokatuko dira eta arratsaldean denak batera piknikatu eta gero finalaurdenak, finalerdiak eta finalak jokatuko dira.
Txapelketa irekia izanen da, baina antolatzaileek taldeen kopurua mugatuko dute. Beraz, talde baten izena eman nahi dutenek hobe dute lehenbailehen deitzea zenbaki honetara (0033) (0)670077656 (Joanes).
Arratsean zikiro jatea izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun