Kide berriak izendatu dituzte Onddo eta Zizen Kofradian

ttipi-ttapa 2009ko urriaren 9a

Aurten eta aitzineko aldietan izendatutako kofradeak. TTIPI TTAPA

Irujo, Urko, Arrauz eta Argiñano dira

Iragarri bezala, Ko­fra­diaren Eguna egin zen urriaren 4an, eta urtero bezala, ohorezko kide berriak izendatu zituzten. Juan Martinez de Irujo pilotari handia, Urko kantaria, Julian Arrauz mikologoa, Alfonso Salido sukaldaria eta sukaldari ez ezik hainbat arlotan ezaguna den Karlos Argiñano dira kofradiako kide berriak, nahiz eta azken honek ezin izan zuen ekitaldira agertu.
Joan den urtean izendatu eta etorri ezin izan zuen Ramon Arregi Tuterako abokatuak, aldiz, aurtengo ekitaldian hartu zituela bere kapa, zapela eta diploma.
Aitzineko urteetan kofrade izendatutako bertze hainbat pertsona ezagun ere bildu ziren: Juan Ramon Corpas Turismo eta Kultura kontsei­laria; Maribel Garcia Malo Gizarte Gaietarako kontseilaria, Yolanda Barcina Iruñeko alkatea edo Angel Alkain ETBko aktore ezaguna, bertzeak bertze. Alkainek, gainera, kaxu­la lehiaketa irabazi zuen.
Onddoak dastatzeaz gain, bainuetxea ezagutzeko aukera ere izan zuten. Horretarako, plazatik bainuetxera bitarteko bidaxkan barna joan ziren gonbidatuak.
Arangurengo abesbatzak bere emanaldia eskaini zuen eta Zubietako joaldunek ere egin zituzten beraien harat-honatak, txarangak eta txistulariek bezalaxe.
Gainera, aurtengoan suertea izan zuten, Ko­fradiako bestarekin batera, onddoaldi ederra izan baita eta honela, urria­ren 3an eta 4an, ehun bat kilo onddo pres­tatu zituzten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun