Zazpi eskubaloi talde izanen ditu aurten Errekak, inoiz baino gehiago. Izan ere, denboraldi honetan, estreinakoz, alebinetan bi talde berri izanen dira, neska eta mutiletan. Ttikienen maila honetan ez zuen inoiz Errekak talderik atera eta aurten lehen aldiz Ligan ariko dira.
Asteburuko partidak
Liga hasten lehendabizikoak seniorrak izan dira, eta garaipenarekin gainera. Urriaren 4an 12-21 irabazi zuten Uharte-San Antonio taldearen kontra, irudi bikaina emanez.
Lehen partida kanpoan jokatu ondotik, igande honetan, etxean eginen dute, jubenilek bezala.
Jubenil neskek ligako bigarren jardunaldia jokatuko dute, Itxakoren kontra. Partida 16:00etan hasiko da. Ondotik seniorren txanda izanen da. 17:30etik aitzinera, Burlataren kontra ariko dira. Hauek ere ligako bigarren partida dute. Eta azkenik jubenil mutilen ligako lehenbiziko partida. Lagunak taldea izanen dute arerio 19:00etan hasiko den norgehiagokan.
Bertzalde, Nafarroako Jolasen barne, infantilek eta alebinek larunbatean, urriak 17, jokatuko dute lehen jardunaldia.
Infantil mutilek Uharten jokatuko dute, hango taldearen kontra. Neskek, ordea, etxean, Uharteren kontra.
Alebin mutilek Itxako izanen dute kontrario eta neskek Burlatan jokatuko duten partidan Malkaitz.
Entrenatzaileak
Taldez talde, hauek izanen dira entrenatzaileak:
Seniorren entrenatzaileak Dani Urroz eta Iban Ezkurra izanen dira.
Jubenil mutilen arduradunak Juanjo Ramos , Kepa Miguel eta Peio Grazenea. Jubenil neskenak Iñigo Etxeberria, Haizea Erkizia, Pablo Elizondo eta Leire Uterga.
Infantilen kategorietan, mutiletan, Txomin Mindegia eta Pilar Olalla izanen dira prestatzaileak. Infantiletan, baina nesketan, Joseba Legarra eta Pascual Bertiz.
Alebin mutilen entrenatzaileak Juan Telletxea eta Jabiertxo Almandoz izanen dira, eta alebin neskena Bittori Mendiburu.