Urtero bezala, Euskara Batzordeak Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen eta Udalaren laguntzarekin Udazkeneko Kultur Egunak antolatu ditu. Aurten hiru astez izanen dira ekitaldiak, urriaren 16tik 31ra bitartean. Lehen egunean, urriak 16, haurrentzako pelikula bat izanen da Kultur Etxean 19:00etan, Perez sagutxoa 2. Ondotik, Kultur Etxean bertan 20:30ean, Marimendi emakume taldearen aurkezpena izanen da. Europako gailurrera espedizioa: Elbrus (5.642 metro) izenburua duen hitzaldia eskainiko du Mentxu Peña taldeko kideak. Urriaren 23an, ortzirala, iaz arrakasta handia izan zuen txistu-kontzertu pedagikoa izanen da Kultur Etxean 15:00etan Irungo txistulari bandaren eskutik. Eta azken asterako bertze bi ekitaldi. Lehena urriaren 29an, ortzeguna, 19:30ean. Pello Apezetxea apezak bi liburu aurkeztuko ditu Kultur Etxean: Etxalarko etxeen izenak eta Etxalarko historia. Lehenbizikoa Pello Salaberrirekin elkarlanean egina da. Kultur Egunekin akabatzeko, ohitura bihurtzen ari den bertso-desafio-afaria izanen da urriaren 31n Herriko Ostatuan. Aurten Lesaka Irunen kontra ariko da. Gainera, afaria baino lehen, giroa berotzeko, Muthiko Alaiak fanfarreak bazterrak alaituko ditu.