Espainiako txapelketan bigarren eta Europakoan hamahirugarren akitu du denboraldia Javier Mariezkurrenak

Aitor AROTZENA 2009ko urriaren 8a

Mariezkurrena bigarren izan da Espainiako txapelketan. TTIPI TTAPA

Jaraman karrera ikusgarriak egin zituen asteburuan Doneztebeko kamioi gidariak

Javier Mariezkurrena Doneztebeko kamioi gidariak bigarren postua lortu du Espainiako txapelketan eta hamahirugarrena Europakoan. Joan den asteburuan denboraldiko azken karrerak egin zituen Jaraman, Madrilen, eta emaitza ikusgarriak lortu zituen.
Larunbateko entrenamendu libreetan hamalaugarren postua lortu zuen sailkatze txandan. Lehenbiziko karrera borrokatuan, lehen postuetan Albacete eta Bosiger-ek istripua izan zuten. Hori aprobetxatuz, Mariezkurrena zortzigarren postuan ere izan zen hainbat itzulitan, baina azken itzulian postu bat galdu eta bederatzigarren bukatu zuen. Bigarren karrera ere lehiatua izan zen zortzigarren eta hamargarren postuen artean. Hemen ere, kamioia ederki gidatu ondotik, bederatzigarren postua lortu zuen Mariezkurrenak. Beraz, lehen egunean, Europako txapelketarako lau puntu.
Arratsaldean, 2008an hamar lehenbiziko postuen artean akitu ez zutenei ematen zaien Challenger sariak banatu ziren eta Mariezkurrena eta Ederki tailerreko eskuderiak laugarren postua lortu zuten, hirugarrenetik hurbil.

Igandean karrera ikusgarria

Igande eguzkitsua aprobetxatuz 50.000 ikusle hurbildu ziren Jaramako zirkuitura. Sailkatze txandan hamahirugarrena izan zen Mariezkurrena. Hirugarren karreran bederatzigarren postura arte erremontatu zuen Mariezkurrenak, baina hirugarren itzulian injekzio-bonba hautsi eta lasterketa utzi behar izan zuen doneztebarrak. Halere, hondar lasterketarako moldatzeko aukera izan zuten Ederkiko mekanikoek. Aitzineko karrera akitu ez zuenez, hogeita zortzigarren postutik abiatu behar izan zuen Mariezkurrenak, baina ikusleak gozarazi zituen erremontada bikain baten ondotik, hamargarren izan zen. Beraz, denboraldia akitzeko asteburu bikaina izan du Doneztebeko taldeak, emaitza onekin eta giro ederrarekin. Denboraldi osoan izan duten arazoei aurre egin eta iaz baino emaitza hobeak lortu dituzte. Javier Mariezkurrenak eta Ederki eskuderiak lagundu duten babesle eta hedabideei eskerrak eman nahi izan dizkiete.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun