Iazkoan baino bisitari gehixeago izan dira Zugarramurdin uda honetan

Aitor AROTZENA 2009ko urriaren 8a

Joan den urteko udan baino %14,5 bisitari gehiago izan ditu Sorginen Museoak. Artxibokoa

Lezeetan 30.000 pertsona sartu dira eta museoan kasik 10.000

Zugarramurdiko Sorginen Museoak eta Leizeek udako denboraldia itxi eta ohiko ordutegira bueltatu da urriarekin batera. Udako balantzea eginez, 2008koan baino bisitari gehixeago izan dira bi baliabide turistiko garrantzitsu horietan. Honela, lezeetan 30.032 pertsona sartu dira uda honetan, 2008koan baino kasik mila lagun gehiago. Sorginen Museoan igoera ikusgarriagoa izan da, %14,50koa. Joan den udan baino 1.428 pertsona gehiago sartu dira museoan, 9.911 sarrera saldu baitira guzira.
Espero bezala, abuztua izan da bisitari kopuru handieneko hilabetea: 16.130 sarrera izan dira lezeetan, eta 5.109 Museoan. 2008arekin konparatuz igoera handieneko hilabetea ere abuztua izan da: 1.223 sarrera gehiago lezeetan eta 1.060 sarrera gehiago Museoan. Uztailean 8.450 lagun sartu ziren lezeetan eta 2.644 Museoan. Irailean jautsiea nabarmena izan da lezeetan, 5.452 sarrera saldu baitira, baina Museoan uztaileko kopuru beretsua mantendu da, 2.158 bisitarirekin.

 

Krisialdirako lana
Prezioa beti kontuan hartu beharrekoa da aisialdiaz eta oporretaz ari garenean. Modu honetan, Sorginaren Museoan erabakigarria izan da “Bisita Konbinatuak” eskainitako abantailak edo Nafarroako Gobernuak krisiaren kontra borrokatzeko atera dituen turista-bonoak. Uda honetan museoan sartu direnen %34,5a sarrera konbinatuekin sartu dira eta %33 Turismo Departamentuaren bonoekin.
Lezeak nahiz museoa kudeatzen dituen Zugarramurdi Garapena SL enpresako Ainhoa Agirrek jakinarazi duenez, “jadanik badagoen eskaintza osatzen duten produktu orijinalak eskainiz bisitariak erakartzen saiatu behar dugu, beraien egonaldia berezia eta ahazteko zaila izan dadin. Honelako saiakerek fruitua eman dute uda honetan Zugarramurdin”. Ekimen hauen artean, lezeetara antzeztutako bisita gidatuak azpimarratu behar dira. Eguraldiak lagundu duenean ortziralero egin dira eta 500 bat bisitarik parte hartu dute, 50 bat lagun saio bakoitzeko. Turistek bi sorginen laguntza izan dute eta akelarrea egiteko edo historia, elezahar eta errezeta sekretuak ikasteko. Herriko etxeak eta bere historia ezagutzeko bisita gidatuek ez dute halako arrakastarik izan.

 

Bisitarien jatorria

Zugarramurdira ailegatu diren bisitari gehienak Hego Euskal Herrikoak ziren, %35a: %20 Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabatik etorria eta %15 Nafarroakoa bertakoa. Frantziatik ere bisitarien kasik %20a etorri da. Turista kataluniarren kopurua %18ra jautsi da eta madrildar eta valentziarren kopurua ere jautsi egin da. Aipatzekoa da, aldiz, Galizia edo Andaluziatik etorritako bisitari kopurua igo egin dela.
Udako datuetan sartzen ez bada ere, aipatzekoa da bisitarien igoera ikusgarria izan dela ekainean ere: 4.981 bisitari izan ziren lezeetan eta 1.607 Museoan, iaz lezeetan izan ziren  2.457 sarrera eta Museoko 1.195ekin konparatuz, %50tik goitiko eta %25,5eko igoera suposatzen du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun