Uda garaian, uztailean eta abuztuan langabeziak goiti egin bazuen ere, irailean zertxobait beheiti egin du Doneztebeko Enplegu Bulegoan izen emandakoen langabetuen kopuruak. Zehazki %2,66 jautsi da langabezia, 940 lagunetik 915 lagunera.
Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez 557 kontratu gauzatu ziren irailean, eta horietatik 65 bertzerik ez ziren mugagabeak izan.
Adina eta sexuari dagokionez, modu ezberdinetan somatu da jautsiera eta adin tarteren batean goiti ere egin du langabetu kopuruak. Honela, 25 urtez goitiko gizasemeetan 413tik 414ra igo da, adin horretako emakumeen artean, aldiz, 402tik 388ra jautsi da. 25 urtez beheitiko gizasemetan 76tik 70ra jautsi da langabetu kopurua eta emakumeetan, 48tik 43ra.
Lan arloei dagokienez, zerbitzuen arloak dauka, diferentziarekin, langabetu gehien, baina zertxobait jautsi egin da irailean. Abuztu hondarrean 497 langabetu zeuden arlo horretan eta irailean 486, 13 guttiago. Industrian ere sei lagun guttiago daude langabezian, 251. Eraikuntzan, aldiz, bi lagun gehiago daude langabezian, 121; nekazaritzan bi lagunetan beheiti egin du langabeziak, eta 16 dira arlo honetan izen emandakoak. Aitzinetik lanik topatu ez dutenen artean 8 lagunetan beheiti egin du langabetu kopuruak eta 41 ziren irail hondarrean.