Nafarroako buruz buruko txapelketaren finala jokatuko du Beñat Oronoz lesakarrak

Aitor AROTZENA 2009ko urriaren 7a

Errekakoak, Zugarraldeko Iker Tainta izanen du arerio ortziral arratseko 18:30ean Labriten

Gazte mailako Nafarroako buruz buruko pilota txapelketaren finala jokatuko du urriaren 9an, ortziral arratsaldeko 18:30ean Erreka taldean ari den Beñat Oronoz lesakarrak. Burlatako Zugarraldeko Iker Tainta izanen du arerio Labriten.
Joan den larunbatean Labriten jokatu ziren finalerdietan, Iker Taintak 18-10 irabazi zion Oberenako Juaneneari eta bigarren partidan, Beñat Oronozek 18-6 irabazi zion Txarutako Antton Jauregiri. Lesakarra 6-0 aitzinetik jarri zen, baina baztandarrak seina berdintzea lortu zuen. Hor akitu zen partida, Oronoz 18raino zuzenean joan baitzen, bere sake eta eskuin esku bortitzean oinarrituta.
Tainta eta Oronozen arteko finala irekia izanen da, eta urduritasunari hobekien eusten dionarentzat izanen da txapela.

 

22 urtez beheitiko txapelketa
Nafarroako buruz buruko txapelketan, 22 urtez beheitiko kategorian, Errekako Oier Bereauk 18 eta 4 irabazi zion Irurtzungo Arañari urriaren 3an Irurtzunen.
Gazte mailako Diario Vasco txapelketan, berriz, Errioxako Baños del Río Torian jokatutako partidan, Errekako Unai Madariagak eta Aurrera Saiazeko Zinkunegik 22 eta 15 irabazi zieten Amurrioko Dorronsoro eta Abadiñoko Astururi.

 

Astebururako bertze partidak
Nafarroa gazte mailako buruz buruko finalaz gain, bertze zenbait partida jokatuko dituzte Errekako pilotariek asteburu honetan. Ortziralean bertan, Uharteko lau terdiko txapelketako bigarren kanporaketa jokatuko du Joseba Madariaga aranztarrak, Irurtzungo Ansotegiri irabazi ondotik.
Larunbatean, Nafarroako 22 urtez beheitiko pilota txapelketako partidak jokatuko dira Doneztebeko pilotalekuan 16:30etik aitzinera.
Lehen partidan, Errekako Oier Bereau Txarutako Zarantonen kontra ariko dra; bigarrenean, Txarutako Barberena Oberenako Etxaideren kontra; Errekako Imanol Baleztena Pilotajaukoko Alustizaren kontra eta Sutegiko Etxeberria, Aldabideko Joseba Ezkurdiaren kontra.
Urriaren 12an, Altsasun, gazte mailako Guillermo Mazo lau terdiko txapelketako partidak jokatuko dira. 10:00etatik aitzinera. Errekako bi pilotari izanen dira, Imanol Juanena lehen partidan eta Gaizka Bendoiro bigarrenean. 17.00etan segituko dute partidak eta hirugarrenean Irail Zestau ariko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun