Iaztik honat, eskualdean zein Euskal Herriko bertze herrietan egin diren «eraso faxistak» ugariak izan dira: Doneztebe, Bera, Lesaka, Amaiur, Irurita, Legasa... Zerrenda luzea da. Bada horiek guztiak salatzeko eta sinbolo faxistak kentzea eskatzeko, manifestazioa deitu dute eskualdeko hainbat talde, elkarte eta erakundek urriaren 10erako. 18:30ean abiatuko da Merkatuko Plazatik, “Eraso faxistarik ez!” izenburupean.
Ohar bidez, mehatxatu diren pertsona eta kolektiboak gogoan izan ditu aipatu taldeak:« independistak, abertzaleak, Gerrako fusilatuak eta euren senideak, oroimen historikoaren inguruan ari den jendea, sindikalistak, kazetariak, presoak eta preso ohiak, alkateak, emakumeak, atzerritarrak...». «Eraso hauen aitzinean erantzun baten beharra ikusten dugu eta pertsona hauek inpunitate osoz jokatzen dutela salatu», dio oharrak.«Falange eta eskuin muturrekoen eskutik herri honek jasandako sufrimendua ezin dugu ahaztu. Aldiz, bertze egoera batzuetan edozein pintada, argazki, kartel kriminalizatua da». Horrekin batera, gure bailara eta herrietan gelditzen diren sinbolo faxistak behin betikoz kentzeko eskaera egin dute eskualdeko Gazte Asanbladek, Baztango AEKko irakasleek, LAB sindikatuak, Baztan-Bidasoako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak eta Ezker Abertzaleak, Sare Antifaxistak, Elizondoko Gaztetxeak, Iruñerriko Ekintza Antifaxistak, Bidean, MOC, Ahaztuak eta Arrosa Beltza erakundeek.
Segurtasun indarrak eta zenbait komunikabideren laguntza
Manifestazioaren antolatzaileek astearte eguerdian egin zuten aurkezpena Donezteben, eta bertan adierazi zutenez, “erasotzaile hauek bi bidelagun lehial dituzte ondoan: espainiar estatuko segurtasun indarrak eta komunikabideak. Azken uda honetan Euskal Herrian ematen ari den uholde errepresiboak mugimendu independentista zapaltzen duen bitartean indar polizialek ezikusiarena egiten dute eraso faxista gehiago ahalbidetuz. Gainera, gure eskualdeko erasoak foruzaingoa Elizondora etorri ondoren gertatu izanak zer pentsatua ematen digu. Bestalde komunikabide gehienak paper garrantzitsua jokatzen dute, egia desitxuratuz. Herri honen aldaketaren beharrean sinisten dugunon ekintza guztiak kriminalizatzen dituzten bitartean, eraso faxista hauek edukiz hustu eta besterik gabe izkutatu egiten dituzte”.
Eraso faxistak “espainiar estatuaren gerra zikinaren bertze hatzapar bat” dela uste dute, “euskaldunak desagerrarazten, preso politiko ohiak bahitzen eta sistematikoki torturatzen duen gerra zikina” eta “Non dago Jon?” galdetzen dute. Gisa honetako erasoak momentu politiko esanguratsuetan eta aldaketa garaietan eman direla-eta, “bide onetik goaz eta horregatik erasotzen gaituzte”. Guztion indarrak batu eta irmotasunez faxismoari aurre egiteko garaia dela uste dute eta horretarako Nafarroako jendarteari Doneztebera joateko deia egiten dute.
Urriaren 11 eta 12an Iruñean
Faxismoaren kontrako ekitaldiek igandean, urriaren 11n, segida izanen dute Iruñean Antifaxista Egunarekin. Goizeko 10:00etatik aitzinera, Gaztelu Plazan musika, bazkaria, material antifaxista, kalejira eta bertze zenbait ekitaldi eginen dira.
Urriaren 12an, berriz, atzoko eta gaurko faxismoaren aurka manifestazioa eginen da Iruñean.