Arpana, txinga eramate eta harri txikien txapelak Gipuzkoara joan dira aurten

Aitor AROTZENA 2009ko urriaren 6a

Aimar Irigoien errezildarrak hirugarren urtez segidan irabazi du Euskal Herriko harri txikien txapelketa. TTIPI TTAPA

Sukuntza leitzarra hirugarren izan zen txinga eramaten eta Bertiz-Urrutia ere hirugarren arpanan

Euskal Herriko lehen mailako arpana eta txinga eramate txapelketak erabaki ziren larunbatean Berriozarren eta aurtengoan Nafarroako kirolariek ez dute txapelik eskuratu. Txinga eramaten, Migel Angel Sukuntza iazko txapelduna saiatu zen, baina azkenean hirugarren izan zen, Debako Juan Joxe Agirregabiriaren eta Laudioko Roman Hierroren gibeletik. Gipuzkoarrak 826,60 metro egin zituen, arabarrak 572,13 metro eta leitzarrak 559,18 metro. Gisa honetara, Agirregabiriak iaz Sukuntzak kendu zion txapela berreskuratu du eta aurten Gipuzkoako, Zazpi Herrialdetako eta Euskadiko txapelak irabazi ditu. Sukuntzaren gibeletik Andoni Zubiaurre mutrikuarra laugarren izan zen, Garikoitz Alberdi azkoitiarra bosgarren, Jesus Domingo Larrazabal laudiotarra seigarren, Berriozarko Raul Maiza zazpigarren, Javier Urresti ondarrutarra zortzigarren eta Berriozarko Imanol Martin bederatzigarren.

 

Anaien arteko lehia estua arpanan

Euskal Herriko lehen mailako arpanlari txapelketaren finala ere Berriozarko jaialdi berean erabaki zen. Anaien arteko lehia estua eskaini zuten Aitor eta Igor Esnaola gipuzkoarrek eta Iñaki Barberena eta Josetxo Barberena nafarrek. Azkenean, bortz segunduko aldeaz Legorretakoak nagusitu ziren (11’14”) eta Ultzamakoek 11’19” behar izan zituzte. Mikel Bertiz sunbildarrak eta Xabier Urrutia arraioztarrak osatu zuten podiuma, 13 minutu eta 47 segunduko denborarekin. Berriozarko Oier Aizkorbe eta Jose Luis Cano laugarren izan ziren, 14 minutu eta 54 segunduko denborarekin, eta finaleko azken postua saihesteko borrokan, Jon Intxaurbe eta Jabi Olibaresek segundu bakarreko aldea atera zioten Igor Lasaga beratarrari eta Jabier Galarregi etxalartarrari.

 

Aimar Irigoien hirugarrenez nagusi harri txikietan

Aimar Irigoienek irabazi zuen harri txikietako Euskadiko Harri-jasotze Txapelketa urriaren 4ean Aizarnazabalen, hirugarren urtez segidan. Irigoienek, gainera, txapelketako marka ezarri zuen, iaz baino 100 kilo gehiago bizkarreratuta. Hain zuzen ere, 100 kiloko bolarekin lortu zuen iazko marka ontzea, harri horrekin lortu baitzuen jasoaldi bat gehiago egitea.
Joseba Ostolaza izan zen txapeldunordea bertze behin, igandekoarekin zazpigarren aldiz sailkatu baita bigarren postuan. Irigoienek marka ezarriko zuen edo ez izan bada ikusmin handiena sorrarazi duena, ez da gutxiagorako izan osaba-iloben arteko dema. Izan ere, Jexuxmari Iruretagoina Izeta III.a eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV. artean soilik jasoaldi bateko eta 100 kiloko aldea egon da ilobaren alde. 124eko kuadroarekin parra egin dute (26 jasoaldi), 125eko zilindro-koparekin, berriz,  bat gehiago egin du Izeta III.ak, baina 112,5eko kuboarekin bi jasoaldi gehiago egin ditu Izeta IV.ak (21 jasoaldi). Horrenbestez, 100 kiloko aldea zuen ilobak azken harriari ekin aurretik, eta bolarekin parra egin dute (25 jasoaldi).

 

Nafarrak ere ongi
Hiru nafar aritu dira txapelketan, eta hirurek bete dituzte azken postuak. Aipagarria izan zen, halere, Unai Bertiz sunbildarraren lana, Nafarroako txapelduna lehen aldiz aritu zen txapelketan eta marka ona ezarri zuen (10.950 kilo). Bertizek 25 jasoaldi eman zizkion 125 kiloko koadroari; 28 jasoaldi 125 kiloko zilindroari, 18 jasoaldi 112,5 kiloko kuboari eta 23 jasoaldi 100 kiloko bolari
Josetxo Urrutia leitzarrak eta Aldatzeko Xabier Igoak ondu egin dituzte aurrez berek ezarritako marka. Urrutiak 9.450 kilo altxatu zituen guzira eta kontuan hartu behar da bera zela harrijasotzailerik arinena. 24 jasoaldi eman zizkion 125 kiloko koadroari, 23 jasoaldi 125 kiloko zilindroari, 14 jasoaldi 112,5 kiloko kuboari eta 20 jasoaldi 100 kiloko bolari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun