Nafarroako Iparraldeko, Bortzirietako eta Malerrekako Euskara Mankomunitateek eta Baztango Udalak, AEK eta IKA euskaltegien laguntzaz antolatuta, alfabetatze kanpainaren aurkezpena egin zen larunbat arratsean Lesakan, Onin errekaren gainean paratutako eszenatokian. Alfabetatze kanpaina girotzeko zenbait ekitaldi izan ziren Lesakan. Goizetik, bideo rallya egin zuten bi taldek eta lan hori ere aurkeztu zuten arratseko ekitaldian.
Euskaldun oso izateko eta euskaraz bizitzeko gure hizkuntzaz irakurtzen eta idazten jakiteak duen garrantziaz euskaldunak ohartaraztea da kanpainaren helburua, eta horretarako euskaltegia bidelagunik aproposena dela gogorarazi zen. Horrelaxe adierazten du kanpainaren kartelak ere. Kartelaren testua Andoni Egaña bertsolariak egin du.
Ekitaldian, Euskaltegiko eta ikastolako irakasle eta ikasle batzuek prentsako testu labur batzuk irakurri zituzten jendaurrean. Kanpainaren mezuari erranahi osoa ematen dion esaldi batzuk ere irakurri zituen ikastolako haur batek eta bertze batek esaldi batekin biribildu zuen ekitaldia.
Bideo rallyko lanak ikusi ondotik, Zura taldeak bere kontzertua eman zuen, bossaz eta sambaz gozatzeko aukera eskainiz.