Etxarri Aranazko Floren Nazabal, Arantzako Donato Larretxea, Lezaungo Juan Jose Lopez, Ezkurrako Mikel Mindegia eta Olagueko Antonio Senosiainek hartuko dute parte azaroaren 13n Doneztebeko pilotalekuan jokatuko den Nafarroako lehen mailako aizkora txapelketan. Igandean jokatu zen kanporaketa eta bortz aizkolari hauek lortu zituzten denborarik onenak, bi kanaerdiko, bi 60 ontzako, eta 72 ontzako bat mozten. Nazabalek 11 minutu eta 40 segundu behar izan zituen; Larretxeak 12 minutu eta 36 segundu; Lopezek 13 minutu eta 31 segundu; Mindegiak 14 minutu eta 22 segundu eta Senosiainek 15 minutu eta 14 segundu. Barberena finaletik kanpo gelditu zen 12 segundurengatik (15’26”). Manuel Kañamares zazpigarren izan zen (16’48”), Ander Erasun aurtiztarra zortzigarren (16’50”) eta Aitor Senoisain bederatzigarren (17’55”). Senosiain II.ak eta kanporaketan parte hartu ez zuen eta erretiroa hartzea pentsatzen ari den Antonio Jaunarenak kategoria galduko dute.
Euskal Herriko hirugarren mailako finala erabakia
Nafarroako txapelketa nagusiko finalistak ez ezik, Euskal Herriko hirugarren mailako finala ere erabakia gelditu da asteburu honetan. Anizen jokatu zen hirugarren eta azken kanporaketa Anizen eta bertan, Etxarri-Aranazko Juanjoxe Erdoziak eta Nuarbeko Josu Aizpuruk lortu dute finalerako txartela. Beraiekin batera, Berako Oihan Larretxea, Leitzako Arkaitz Olano, Mutrikuko Ugaitz Mugertza eta Urrozko Raul Kastro ariko dira Goizuetan, azaroaren 22an, eguerdiko 12:30ean jokatuko den finalean.