Etxalarko Herri Taldea nazkatua dago azken urteetan Usategien giro nahasiarekin eta joan den asteazkenean zuhaitz batzuk aizkoraz moztearekin, “orain ekintza honekin soka erabat tenkatu da, gatazkaren zurrunbiloan sartuta gaude eta honek irtenbide bat behar du” uste du. Herri Taldeak urriaren 2an emandako prentsaurrean adierazitakoaren arabera, ordenantza bat badago eta horrek erraten du zuhaitzak baimenik gabe mozten badira, Udalak ehiza debekatzen ahal duela zenbait postuetan denboraldi baterako. Eta beharbada hurrengorako ere. Udalak ez duenez modurik jakiteko nor eta ze helburuekin izan den, Herri Taldeak ez du egokia ikusten ordenantza hori aplikatzea, “zer ikusirik ez duen norbait kaltetua atera daitekeelako”.
Ordenantza horretan ere erraten da Etxalarko Udala ez dela erantzule izanen ehiztariek eta usazaleak hartzen dituzten erabaki edo ekintzetan.
Bi puntu hauek kontutan hartuta, Herri Taldearen ustez, “lehendabizikoa aplikatuz zurrunbiloa handituz segituko dugu, bigarren puntuan berriz ez badugu ezer egiten, gauza bera gertatuko da, zurrunbiloa handitu eta urtetik urtera harremanak okerrera joanen lirateke”. Horregatik, lehen ere saiatu diren arren, udalari jarrrera aktibo bat hartzeko momentua ailegatu zaiola uste du Herri Taldeak eta hurrengo batzarrera aurkezteko zenbait puntu proposatu zituen.
Arbolak berriz landatzeko prest
Honela, udala prest dago moztu dituzten arbolak berriz landatzeko, “izan ere postuak kondizio batzuekin saltzen dira eta postu horietan ehizatzeko subasta eguneko kondizio berdinetan izan behar du. Badakigu hau partxe bat bertzerik ez dela eta honek ez duela ezer konpontzen, baina egoera arintzeko balio izaten ahal du. Hori bai, egunen batean enteratzen bagara nor izan den, hor izan diren gastuak ederki kobratuko dizkiogu eta bertze neurri batzuk hartzea ere ez dugu baztertzen”.
Komisioa, buzoia eta herri galdeketa egiteko aukera
Ehiztari, Usazale eta Udalaren artean arazo honi irtenbide bat emateko komisio bat egitea ere proposatu du Herri Taldeak, baina komisiotik aparte, herriak eta herritarrek duten iritzia haintzat hartu nahi dutet eta horretarako udaletxeko arkupean buzoia paratu dute, “iritzi eta sujerentziak eskertuko genituzke, anonimoak ere izaten ahal dira, iruditzen zaigulako garaia badela orain arte iritzirik eman ez duenak bere ahotsa kaleratzeko”. Ildo beretik, ez dute baztertzen herri galdeketa bat egitea, “herriak inork baino hobekiago ezagutu eta ulertzen du egoera eta lekua eta herriak berak beharko luke hau moldatzeko erantzukizuna, inor kanpotik deus moldatzera etorri gabe”.
Herri Taldea bat dator ildo honekin eta prest ageri da ildo honetan eman behar diren pausu guztiak emateko, “atzendu gabe bizi dugun krisi egoera, gai hau bezain garrantzitsuak baditugu egiteko eta horretan jarraituko dugu”.
Sarerik ez
Kontuak kontu, sasoiko lehenbiziko egunetan ez dute sarerik hedatu usazaleek eta egoera horren aitzinean bere kezka agertu du Udalak, "Etxalarri izena ematen dion ohitura bat desagertzeko arriskua dagoelako". Ehiztari Elkarteko presidenteak ere beraiek ez direla zuhaitzen mozketaren egileak adierazi dio Patxiku Irisarri alkateari, "beraien teilatura harriak botatzea izanen litzatekeela" adieraziz.