Ohorezko kide berriak izendatu zituen Elgorriago Onddo eta Zizen Kofradiak

TTIPI TTAPA 2009ko urriaren 5a

Kofrade berriak eta lehendik ere izendatutakoak bildu ziren Elgorriagan. TTIPI TTAPA

Tartean Irujo pilotaria, Urko kantaria eta ekitaldira joan ezin izan zuen Karlos Argiñano sukaldariak zeuden

Elgorriagako Kofradiaren Eguna ospatu zen igandean eta bertan ohorezko kide berriak izendatu zituzten: Juan Martinez de Irujo pilotari handia, Urko kantaria, Julian Arrauz mikologoa, Alfonso Salido sukaldaria eta sukaldari ez ezik hainbat arlotan ezaguna den Karlos Argiñano dira kofradiako kide berriak, nahiz eta azken honek ezin izan zuen ekitaldira agertu. Joan den urtean izendatu eta etorri ezin izan zuen Ramon Arregi Tuterako abokatuak, aldiz, aurtengo ekitaldian hartu zuen bere kapa, zapela eta diploma.


Ehun kilo onddo prestatu ziren

Aurtengoan suertea izan dute Elgorriagan, kofradiako bestarekin batera onddoaldi ederra izan baita eta honela, larunbatean eta igandean ehun bat kilo onddo prestatu ahal izan zituzten.  Aitzineko urteetan kofrade izendatutako bertze hainbat pertsona ezagun ere bildu ziren Elgorriagara: Juan Ramon Corpas, Turismo eta Kultura kontseilaria; Maribel Garcia Malo, Gizarte Gaietarako kontseilaria, Yolanda Barcina Iruñeko alkatea edo Angel Alkain ETBko aktore ezaguna bertzeak bertze. Alkainek, gainera, kaxula lehiaketa irabazi zuen. Onddoak dastatzeko ez ezik, ezagutzen ez zutenek Elgorriagako balneario dotorea ezagutzeko aukera ere izan zuten. Horretarako, Elgorriago plazatik bainuetxera bitarteko bidaxkan barna joan ziren gonbidatuak.
Arangurengo abesbatzak bere emanaldia eskaini zuen eta Zubietako joaldunek ere egin zituzten beraien harat-honatak, txarangak eta txistulariek bezalaxe.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun