Mikologiari buruzko hainbat ekitaldirekin joan zen aitzineko asteburua, baina oraingoan ere bertze hainbat izanen dira. Onddo eta Zizen Kofradiak antolatuta, ospakizunek segida izanen dute larunbat eta igande honetan, urriak 3 eta 4.
Joan den asteburuan, Uraren Ibilbidea (Zubieta-Doneztebe-Elgorriagako Bainuetxea), Onddoaren Ibilbidea autobusez, joaldunen joan-etorriak, herri-kirolak eta onddoekin egindako plateren lehiaketa egin ziren, bertze hainbat ekitaldiren artean.
Larunbat honetan, berriz, 20:00etan irekiera bainua eginen da, eta segidan, Juanito Mariezkurrenaren omenez Kazuela Lehiaketa jokatuko da. Aurtengoa hamargarren edizioa izanen da. Segidan bainuak, mus txapelketa eta animazioak izanen dira.
Igandean Turistaren Eguna eta Kofradiaren egun handia
Igandekoa izanen da Kofradiaren egun haundia, eta aldi berean, Turistaren Eguna ere bai. Egun osoko egitaraua antolatu dute Elgorriagan.
10:00etan Meza. Ondotik kofradeak izendatuko dira. Segidan Arangurengo abesbatzak kontzertua eskainiko du. 11:00etan joaldunak, txistulariak eta txaranga ibiliko dira herrian barna. 11:00etan herri-kirol jaialdia izanen da. Bertan parte hartuko dute Migeltxo Saralegi harri-jasotzaileak, aizkolariek...
12:00etan onddoak eta Nafarroako produktuak dastatzeko aukera izanen da eta ordu berean, Arangurengo abesbatzak kanpoko emanaldia eskainiko du. 14:00etan luntx mikologikoa eskainiko da bainuetxeko karpan eta arratsaldeko 17:00etan ibilbide ludiko-termala eginen da.