Euskal Herriko lehen mailako arpana eta txinga eramate txapelketak jokatuko dira larunbatean Berriozarren

Aitor AROTZENA 2009ko urriaren 1a

Igor Lasaga eta Xabier Galarregi arpanan ariko dira eta Mielangel Sukuntza txinga eramaten larunbatean Berriozarren. Herri kirolean asteburu emankorra heldu da. TTIPI TTAPA

Nafarroako lehen mailako aizkora txapelketako kanporaketa igandean jokatuko da Etxarri-Aranatzen

Euskal Herriko lehen mailako arpanlari txapelketa jokatuko da urriaren 3an, larunbat arratsaldeko 18:00etan Berriozarko pilotaleku berrian. Anaien arteko lehia espero da, izan ere Legorretako Igor eta Aitor Esnaola eta Iraizozko Iñaki Barberena eta Josetxo Barberena dira faborito nagusiak, bai orain arte duten  palmaresarengatik (gipuzkoarrek iaz irabazi zuten eta lehendik ere bazituzten txapelak bertze bikotekideekin eta nafarrak 2007an gailendu ziren), baita Etxalarren abuztuaren 15ean jokatutako kanporaketan bi lehendabiziko postuak eskuratu zituztelako.
Baina faboritoei itzal egiten saiatuko dira Mikel Bertiz sunbildarra eta Xabier Urrutia arraioztarra; Zeanuriko Jon Intxaurbe eta Javi Olibares, Berako Igor Lasaga eta Etxalarko Xabier Galarregi eta Berriozarko Oier Aizkorbe eta Jose Luis Cano.
Guzira 22 epai egin beharko dituzte; 60 ontzakoari goitik beherako 5 epai, zutitako 54 ontzakoari 6 epai, etzandako 54 ontzakoari 6 epai eta etzandako 60 ontzakoari 5 epai. Mota guztietako trontzak erabili ahal izanen dira txapelketan.

Euskal Herriko txinga eramate txapelketa ere
Berriozarko jaialdi berean, Euskal Herriko txinga eramate txapelketa ere jokatuko da. Mielangel Sukuntza leitzarra, bere lehen partehartzean iaz lortu zuen txapela mantentzen saiatuko da, baina arerio gogorrak izanen ditu. Debako Juan Joxe Agirregabiria 2007an txapeldun izan zen eta aurten Gipuzkoako eta Zazpi herrialdeen arteko txapelketan txapeldun suertatu zen, Sukuntza bera gaindituz. Laudioko Roman Hierro, berriz, iaz Zazpi Herrialdeen arteko txapeldina izan zen. Beraiekin batera, Arabako Jesus Domingo Larrazabal, Mutrikuko Javier Urresti eta Andoni Zubiaurre, Azpeitiako Garikoitz Alberdi eta Imanol Martin eta Raul Maiza nafarrak lehiatuko dira, 50 kiloko txingak esku banatan dituztela.

Nafarroako lehen mailako aizkora txapelketako kanporaketa igandean Etxarri-Aranatzen
Nafarroako lehen mailako aizkora txapelketako kanporaketa jokatuko da urriaren 4ean, igande eguerdiko 13:00etan Etxarri-Aranatzen. Bertan, Etxarri Aranazkio Floren Nazabal, Ezkurrako Mikel Mindegia, Arantzako Donato Larretxea, Lezaungo Juan Jose Lopez, Berueteko Jose Juan Barberena, Olagueko Antonio eta Aitor Senosiain anaiak, Aurtizko Ander Erasun eta Arostegiko Manuel Kañamares lehiatuko dira, Donezteben azaroaren 13an jokatuko den finalerako bost txartelen bila. Bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat moztu beharko dituzte.

Euskal Herriko harri txikien harrijasotze txapelketa igandean Aizarnazabalen
Urriaren 4an, igande arratsaldeko 18:00etan Euskal Herriko harri txikien harri jasotze txapelketa jokatuko da Aizarnazabalgo Atari Soro pilotalekuan. Aimar Irigoien errezildarra izanen da faborito eta berekin batera, Izeta III, Izeta IV eta Joseba Ostolaza gipuzkoarrak eta hiru nafar lehiatuko dira, Aldatzeko Xabier Igoa, Leitzako Josetxo Urrutia eta Sunbillako Unai Bertiz.
Lau motako harriak erabiliko dituzte: 125 kiloko zilindrikoa, 125 kiloko errektangularra, 112,5 kiloko kuboa eta 100 kiloko bola eta hiru minutuko saioa izanen dute harri bakoitzeko.

Euskal Herriko hirugarren mailako aizkolari txapelketako kanporaketa Anizen
Igandean, Anizko besten barrenean, Eiuskal Herriko hirugarren mailako aizkolari txapelketaren hirugarren kanporaketa jokatuko dute 18:00etatik aitzinera. Launa kanaerdiko moztu beharko dituzte. Beintza-Labaiengo Jexux Etxeberria izanen da eskualdeko ordezkari bakarra. Berekin batera bertze lau nafar ariko dira, Etxarri Aranazko Juanjoxe Erdozia eta Goizeder Beltza, Berriozarko Julen Kañamares eta Ergoienako Iban Resano; Joxefelix Zubizarreta, Iñaki Agirre eta Josu Aizpuru gipuzkoarrak, Arabako Juan Carlos Lopez eta Arkaitz Jauregi eta Bizkaiako Xabier Garitaonaindia ariko dira. Lehenbiziko bi sailkatuek, azaroaren 22an Goizuetan jokatuko den finalerako sailkatuko dira. Dagoeneko lau aizkolarik lortu dute finalerako txartela: Oihan Larretxea beratarrak, Arkaitz Olano leitzarrak, Ugaitz Mugertza mutrikuarrak eta Raul Kastro urroztarrak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun