Euskararen Eguna ospatuko da larunbatean Zubietan

Fermin ETXEKOLONEA 2009ko urriaren 1a

Gabezin taldeak akabaila emanen dio Euskararen Egunari Zubietan.l TTIPI TTAPA

Ostiralean, pintxo lehiaketa eta mus txapelketa izanen dira

Beste urte batez, Euskararen Eguna antolatu dute Zubietako gazteek larunbat honetarako, urriak 3. Dena den, aurten estreinakoz ostiralean ere, urriak 2, ekitaldiak izanen dira. 19:30ean Errandonea tabernan pintxo lehiaketa eginen da eta ondotik mus txapelketa.

Egun haundia larunbatean
Egun haundia, halere, larunbatekoa izanen da. Goizean 10:30etik  aurrera herriko trikitilariak bazterrak alaitzen ibiliko dira. Ordu berean herriko artisauek euren lanak erakusgai paratuko dituzte: egur-lanak, oihalarekin egindakoak eta bestelako gaiak nola lantzen dituzten ikusteko modua izanen da. Talogileak ere lanean ariko dira.
12:30ean, berriz, herritarren arteko herri-kirolak izanen dira, eta ondotik, 14:00etan, herri bazkaria. Bazkalondoan, kalejira eginen da herrian barna eta 17:00etan haurrentzako eskulan tailerra izanen da eta gero berendua izanen dute.
21:30ean afaria eginen da, eta, arratsaldez eta gauez GABEZIN taldearekin dantzaldia izanen da.

Txartelak
Bazkarira edota afarira joan nahi duenak txartelak herriko tabernetan eta okindegian edukiko ditu salgai.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun