Polemika gogorrarekin hasiko da uso ehiza denboraldia Etxalarren

Aitor AROTZENA 2009ko irailaren 30a

Laugarren eta bosgarren postuen aitzinean zeuden zuhaitzak moztuak agertu dira asteazken goizean. TTIPI TTAPA

Herriko ehiztariek erabiltzen dituzten postuen aitzineko zuhaitzak moztuak agertu dira asteazken goizean

Uso ehiza denboraldia urriaren 1ean hasiko da eta Etxalarren polemikaz eta ikamikaz ongi hornitua hasiko da. Izan ere, irailaren 30ean, asteazken goizean, Etxalarko eskopeta ehiztariek erabiltzen dituzten laugarren eta bosgarren postuen aitzinean zeuden zuhaitzak moztuak agertu dira eta horrek hautsak harrotu ditu. Patxiku Irisarri alkateak Usategietako araudia aipatu du eta bertan ageri denez, baimenik gabe adarrak edo zuhaitzak mozten badira, Udalak neurri egokiak hartzeko eskubidea dauka. Irisarriren erranetan, “neurrien artean, postu horietan denboraldi osoan ehizatzea debekatzea, baita bi denboraldiko debekua aurreikusia dago”. Etxalarko alkateak mozketaren inguruko bizpahiru bertsio aditu dituela eta ez du baloraziorik egin nahi oraingoz. Hori bai, ortzegunean edo ortziralean ez ohiko batzarra izanen da Etxalarren aferaz solasteko. Izan ere, usazaleek ere arrenkura azaldu dute eta arazoa moldatzeko Udalak deus ez badu egiten, beraiek ez direla Usategietara igoko jakinarazi omen diote Udalari.

 

Arazoak

Etxalarko Usategietan azkeneko urteetan arazoak areagotzen dira eta usazale eta eskopeta ehiztarien arteko oreka gero eta zailagoa dago. Hori, azken urteetako postuen enkantean somatu da. Aitzineko urteetan ez bezala, aurten 3. eta 4. sareak eta 16, 20 eta 21. postuak hutsik gelditu dira. Ez ditu inork hartu. Usategien historian lehenbiziko aldia da hainbertze postu hartu gabe gelditzen direna. Arrazoiak desberdinak dira, galdetzen diozunaren arabera. Ehizturiek «parajearen egoera txarra» aipatzen dute. «Udalak ez ditu hango zuhaitz-adarrak eta iratzeak garbitzen», kexu dira.
Udalak 34.775 euro jasotzea espero zuen postuak lehenbiziko aldiz enkantean atera zirenean. Baina ez da kopu­ru horretara ailegatu, bi sare eta hiru postu hutsik gelditu baitira. Guztira 27.295 euro jasoko ditu aurten Udalak. Joan den urtean 42.280 euro jaso zituen, 2007an 49.605 euro eta 2006an 52.333 euro.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun