Helduetan Onsalok eta Iriartek irabazi dute Leitzako V. Pilota Txapelketa

Amaia eta Ainhoa 2009ko irailaren 29a

Pilota txapelketako finalistak irailaren 13an jokatu ziren finalen ondotik. TTIPI TTAPA

Idoate eta Uzkuduni 22-15 irabazi zieten finalean

Urtetik urtera gero eta oihartzun haundiagoa hartzen ari den Leitzako Pilota Txapelketak eman du aurtengoa.
Aurrera Pilota Elkartearen ekimenez, abuztu hondarrean hasita alebin, infantil, kadete, jubenil eta helduen hainbat partida jokatu dira azken asteetan eta pilotazaleek izan dute non gozatua. Bitarte horretan, Euskal Herriko eta Errioxako hainbat pilotari pasa dira Amazabal pilotalekutik. Hala bada, irailaren 13an, finala jokatu ziren, bortz guztira.
Alebinetan, Barriola eta Bakaikoa izan ziren txapeldunak, Egiguren eta Petiteri 18-10 irabazita.
Infantiletan, lehia estuagoa izan zen eta 18-17ko markagailuarekin bukatu zen partida. Agirre eta Iruretagoiena, Telletxea eta Irribarria bikoteari gailendu zitzaizkien.
Kadeteen mailan, berriz, 7 tantorekin gelditu ziren Zestau eta Beraza. 22-7 Xabier Jaunarena eta Jakak irabazi zuten.
Jubeniletan, Ansotegi eta Iturriaga izan ziren txapeldunak. 22-10 gailendu zitzaizkien Dorronsoro eta Pazosi.
Helduen kategorian, azkenik, txapela Leitzaldean gelditu zen. Onsalo aresoarrak eta Iriarte leitzarrak 22-15 irabazi zieten Idoate eta Uzkudun pilotariei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun