«Lana dela-eta beti gaizki ibili naiz eta horregatik sufritu egin dut»

TTIPI TTAPA 2009ko ira. 29a, 13:05

TTIPI TTAPA

Hasiera indartsua egin zuen Luismari Belarra doneztebarrak aizkoran. 1996an hasi zen, eta hurrengo urtean, bi txapel eskuratu zituen: Nafarroako Bigarren Mailakoa eta Euskadiko Hirugarren Mailakoa. Baina lanarekin ezin, eta lau urtez aizkoran aritu gabe egon zen, 2003an berriz hasi zen arte. Geroztik Bigarren Mailan ibili da, goi-goian, baina aurten aizkora uztea erabaki du. Entrenatzeko denborarik ez eta familiarekin egoteko denbora gehiago nahi duelakoz hartu du erabakia.

«Pena». Horixe aitortu digu Luismari Belarra (Doneztebe, 1971) aizkolariak. Urteetan aizkoran ibili ondotik, uztea erabaki du eta gustuko zerbait uzteak beti sortzen du pena.
25 urte zituela hasi zen aizkoran. Martin Mindegia izan zuen erakusle eta urte hauetan guztietan gogor eta gogoz egin du lana. Bere lanaren fruituak ere jaso ditu. Hala, aizkoran hasi eta hurrengo urtean, 1997an, Nafarroako Bigarren Mailako eta Euskadiko Hirugarren Mailako txapeldun izan zen. Maila Nagusian ere hainbat urtetan aritutakoa da.
Baina beti lana izan du gibeletik tiraka, aizkoran nahia adina aritzea galarazi dio. Eta horregatik erabaki zuen Maila Nagusian zegoela, aizkoran hasi eta bi urtera, uztea. «Lanagatik ezin ailegatuz ibiltzen nintzen. Frantziara joan nintzen mendi­ra lanera eta dena batera ezin nuen. Zerbait utzi beharra zegoen eta aizkora utzi nuen». Lau urteren ondotik, halere, berriz plazetara agertu zen, 2003an: «Hurbilago hasi nintzen lanean, eta afizioa betidanik izan dudanez... Baina lana dela-eta beti gaizki ibili naiz, ezin ailegatuz, eta horregatik sufritu egin dut».
Eskabazio enpresa batean egiten du lan Belarrak, eta egunean etxetik kanpo 13-14 ordu pasatzea, dudarik ez dago, oztopoa dela entrenamenduak egiteko: «20:00etan ailegatu etxera, egurra paratu eta entrenatzen hasterako 21:00, dutxatu eta afaltzen hasterako 23:00. Eta biharamunean 6:00etan ernatu behar», azaldu digu doneztebarrak. Gelditu gabe harat-honat ibiltzeak «nekatu» eta familiarekin gehiago egoteko nahiak aizkora uztera behartu dute.

Momentu gogoangarriak
Sufrimenduak bai, baina momentu pozgarriak ere ugari. Horietako bat aukeratzeko eskatuta berehala eman digu erantzuna: «Arriarekin egindako apustua irabazi nuenekoa». Sorterrian jokatu zuen apustua eta kanaerdiko aldea eman zion Arriak; honek 12 ebaki behar izan zituen eta 11 Belarrak. Eta bi minutu eta zortzi segundoko aldea atera zion: «gustura gelditu nintzen». Nafarroako Bigarren Maila irabazi eta Maila Nagusira pasatzea ere «momentu polita» izan zela gaineratu digu. Plazaren bat aukeratzekotan, berriz, etxekoa, «Doneztebekoa».

‘Kirol gogorra eta garestia’

Entrenamendu aunitz eskatzen duen kirola da aizkora, eta Belarraren kasuan, «astean hiru entrenamendu egin eta mendian ibiltzen nintzen».  Kirol garestia ere bada: «laguntza haundia behar da», dio Doneztebekoak.
Bertze aizkolariei begira jarrita, berriz, «kontrario gogorrak aunitz» izan dituela nabarmendu digu, eta gustuko baten bat nabarmentzekotan hauxe aipatu digu: «La­rretxea­ren kolpea eta Mindegiaren teknika».

‘Oraingoz’ agur aizkorari

Hainbertze plaza, txapelketa eta oroitzapenen ondotik, 38 urterekin aizkora uztea erabaki du. Dena den, «momentuko erabakia» dela adierazi digu. «Agian berriz hasiko naizela? Ba ez dakit! Momentuan behinik behin utzi egin dut». Aukera ez du baztertu, behintzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun