Beñat Zundak irabazi du behi gorrien txapelketa eta Geroari ustiapenak Holsteinena

Xan Harriague 2009ko irailaren 29a

Fermin ETXEKOLONEA

Azienda lehiaketa berpizten ari da

Pixkanaka berpizten ari da he­rri­ko besten abereen lehiaketa. Urte kaxkarrak ezagutu eta gero, gero eta laborari gehiagok ekar­tzen dituzte haien anima­liak. Aurten denbora hezea izan bazen ere, 15 bat izan dira behiak eta ardiak plazaraino ekar­tze­ko lana hartu dutenak. Kritika errexa da, baina herriko besten erdi erdian goizean 6:00­etan ira­tzarri behar dute kabalak prestatu eta he­rrira eramateko.
Holsteinetan, Geroari ustiapena izan da nagusi (Janbatit Indart, Felix Irigoien, Beñat Azkarraga eta Andiazabal senar-emazteak). Sari nagusia irabazi du, baita erra­pe politen saria ere. Sailez sail hiru sari eraman ditu, Tatien Mendiondek bertze hainber­tze, Garateko Bordako Leizagoien aita-semeek bertze bat eta Leheteiko ustiapenak bertze bat.

Behi gorrietan Bor­txai­neko Beñat Zundak irabazi du sari nagusia bi urteko behi batekin. Etorkizun handiko behiaren saria, berriz, Anexeneko Bordako Pettan Errando­nearentzat izan da. Sailez sail, lehia orekatua izan da. Erran­doneak bi sari eraman ditu eta Agustin Gorozurretak eta Harriztegi aita-semeek bertze bina. Battit Laborde, Zunda, eta Elordia­ko Mizel Elissaldek sari bana eraman dute.
Zaldi eta ardietan txapelketak ez du hainbesteko arrakastarik izan, baina animali gutxi baziren ere batzuk aski ederrak ziren. Ardietan Hernain Bordako Panpi Berreauk irabazi ditu sariak bai bildotsenak baita helduenak ere. Zaldietan gauza bera gertatu da. Sari guziak Mikeltegiko Bordako Errandonea anaientzat izan dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun