RFF Frantziako treinbide konpainiak Helbarrun auzoan eta Azkainen barna, Larrunaldean, egin nahi duen treinbide berriaren proiektuak kezka eta haserre haundia sortu ditu. Froga buruilaren 22an ikusi zen, 500 lagun bildu zirelarik Inharrean hego Lapurdiko herri elkargoko hautetsiek prestatu zuten bilkura publikoan.
Senperealdeko hautetsiek diote herriek eta herritarrek bat egin behar dutela proiektu berriari kontra egiteko eta oraingo treinbidea hobetzea galdetzeko. Ikerketa independiente batek erakutsi du 2050an baizik ez dela betea izanen oraingo treinbidea. Gaurko egunean, trein bakar bat pasatzen da oren guziz eta Hendaiako geltokian bi miliun tona merkantzia baizik ez dituzte garraiatzen urte guziz. Horrek erran nahi du trein ainitz gehiago pasa daitekeela oraino bide horretan eta bide berririk egitea ez dela hain beharrezkoa.
Treinbide berria eginen balitz Ahetzeko bidea, Donibane Lohizuneko bidea eta Lizardia inguruko eremuak zeharkatuko lituzke. Azkainen, Larrun azpitik pasako litzateke baina bi zubi egin beharko lirateke Bizkarzun, Esnaur eta Larrun mendien artean. Hori eginen balitz, Jean Louis Laduche Azkaineko auzapezak hitz eman du Natura 2000 egiturako presidentzia utziko lukeela. Momentuan, EZ LGV NON erranaldia zizelkatzen ari dira Larrun mendiko iratzean. Munduko telebista guzietan agertuko den argazki hunkigarria egin nahi dute beren haserrea erakusteko.
Ondoko TTIPI-TTAPAk xehetasunak emanen ditu buruilaren 28an, Baionako su prefeturan proiektu hortaz egitekoa zen bilera garrantzitsuaz.