Turistaren Eguna eta Onddo eta Zizen Kofradiaren egun haundia igandean

Amaia eta Ainhoa 2009ko irailaren 29a

Aurten ere onddoak dastatzeko aukera izanen dute igandean Elgorriagara hurbiltzen diren bisitari guztiek. Fermin ETXEKOLONEA

Bertzeak bertze, herri kirolak, onddo dasta­ke­ta eta musika nagusituko dira

Mikologiari buruzko hainbat ekitaldirekin joan zen aitzineko asteburua, baina oraingoan ere bertze hainbat izanen dira. Onddo eta Zizen Kofradiak antolatuta, ospakizunek segida izanen dute larunbat eta igande honetan, urriak 3 eta 4.
Joan den asteburuan, Uraren Ibilbidea (Zubieta-Doneztebe-Elgo­rriagako Bainuetxea), Onddoaren Ibilbidea autobusez, joaldunen joan-etorriak, herri-kirolak eta on­ddoe­kin egindako plate­ren lehiaketa egin ziren, bertze hain­­bat ekitaldiren artean.
Larunbat honetan, berriz, 20:00etan irekiera bainua eginen da, eta segidan, Juanito Mariezkurrenaren omenez Kazuela Lehiaketa joka­tuko da. Aurtengoa X. edizioa izanen da. Segidan bainuak, mus txapelketa eta animazioak izanen dira.

Igandean Turistaren Eguna
Igandekoa izanen da  Kofradiaren egun haundia, eta aldi berean, Turistaren Eguna ere bai. Egun osoko egitaraua antolatu dute:
•10:00etan Meza.
•Ondotik kofradeak izendatuko dira.
•Segidan Arangurengo abesbatzaren kontzertua.
•11:00etan joaldunak, txistulariak eta txaranga herrian barna.
•11:00etan herri-kirolak: Saralegi harri-jasotzailea, aizkolariak...
•12:00etan onddoak eta Nafarroako produktuak dastatzeko aukera.
•12:00etan Arangurengo abesbatzaren emanaldia.
•14:00etan luntx mikologikoa bainuetxeko karpan.
•17:00etan ibilbide ludiko-termala.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun