«Lehendik ere jaso ditut omenaldiak, baina hau izan da handiena». Hitz horiek erabili zituen Mikel Mindegia aizkolari haundiak irailaren 12an Zubietan jaso zuen omenaldiaren ondotik. 60 urte ez direlakoz egunero betetzen, Mindegiak ongi merezitako omenaldia jaso zuen herriaren eskutik. «Udalak egin duena asko estimatzen dut eta bihotza bete egiten zait hainbeste lagun ikusita». Izan ere, herritarrek ez ezik, herri kirol munduko hainbat kirolarik, aizkolariek eta harri-jasotzailek parte hartu zuten. Goizeko mezaren ondotik, joaldunek arkua egin zioten Mindegiari eta gero plaza aldera jo zuten. Hainbat eta hainbat enbor prestatuak zituzten eta pixkanaka probak egiten hasi ziren. Saioari hasiera eman ziotenak etorkizuneko aizkolariak izan ziren: Kenari Erasun, Mikel Zabaleta, Julen Larrea eta Iker Vicente, 12-13 urteko aizkolariak. Ikusmin haundia piztu zuen bertze saio bat etorri zen ondotik. Omenaldian parte hartu zuen emakume bakarra, Maika Ariztegi iturendarra; aizkolaririk beteranoena, Julian Larrea eta berriki jubenil mailan Euskadiko txapeldun atera den Eneko Saralegi aritu ziren. Gaztea nagusitu zen, baina emakumeak eta 80 urteko aizkolariak jaso zituzten txalorik handienak. Mindegiari ilusio berezia egin zion beste saio batean Juan Rodriguez segoviarrak, Mendizabal II.ak, Agitek, Arria II.ak eta III.ak eta Patxi Astibiak parte hartu zuten. Baina horiekin batera, asko izan ziren parte hartu zuten aizkolariak: joan den mendeko txapeldun handiekin batera, gaur egungo aizkolari onenak, Floren Nazabal eta Donato Larretxea buru zutela eta urte batzuetan punta puntakoak izanen diren Jon Rekondo leitzarra, Aitzol Atutxa bizkaitarra, Ander Erasun aurtiztarra edo Oihan Larretxea beratarra, besteak beste. Mindegiaren seme Migeltxo ere aritu zen aizkoran. Aizkolariez gain, Migeltxo Saralegi, Iñaki eta Inaxio Perurena, Izeta I.a, II.a eta IV.a, Josetxo Urrutia eta Aimar Irigoienek ere zenbait altxaldi egin zituzten aizkora saioen artean. Mikel Mindegiak berak ere zutikako enbor bat moztu zuen. Udalak oroigarria eskaini eta bi dantzarik aurreskua dantzatu zioten. Loidisaletxe eta Telleria bertsolariek botatako bertsoekin eta goiz osoan sutan egon zen zikiroa bazkalduz akitu zen ekitaldi hunkigarria.