Iaztik honat, eskualdean zein Euskal Herriko bertze herrietan egin diren «eraso faxistak» ugariak izan dira: Doneztebe, Bera, Lesaka, Amaiur, Irurita, Legasa... Zerrenda luzea da. Bada horiek guztiak salatzeko eta sinbolo faxistak kentzea eskatzeko, manifestazioa deitu du Baztan-Bidasoako faxismoaren aurkako talde batek urriaren 10erako. 18:30ean abiatuko da Merkatuko Plazatik.
Ohar bidez, mehatxatu diren pertsona eta kolektiboak gogoan izan ditu aipatu taldeak:« independistak, abertzaleak, Gerrako fusilatuak eta euren senideak, oroimen historikoaren inguruan ari den jendea, sindikalistak, kazetariak, presoak eta preso ohiak, alkateak, emakumeak, atzerritarrak...». «Eraso hauen aitzinean erantzun baten beharra ikusten dugu eta pertsona hauek inpunitate osoz jokatzen dutela salatu», dio oharrak.«Falange eta eskuin muturrekoen eskutik herri honek jasandako sufrimendua ezin dugu ahaztu. Aldiz, bertze egoera batzuetan edozein pintada, argazki, kartel kriminalizatua da».